Politika -
Ezker abertzalea
Artxibatu egin dute Velascoren aurka 14 abokatuk jarritako kereila
Auzitegi Nazionaleko epaileak ETAren espetxe fronteko kideak izatea egotzi zien abokatuoi.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Auzitegi Gorenak artxibatu egin du ezker abertzalearen 14 abokatuk (tartean Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iñaki Goioaga) Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aurka aurkeztutako kereila.
Epaileak ETAren "espetxe fronteko" kideak izatea inputatu zien, eta abokatuek prebarikazioa egotzita jarri zioten kereila. Izan ere, "existitzen ez diren" delituak leporatu zietela eta atxiloaldia luzatzean euren eskubide konstituzionalak urratu zituela salatu zuten.
Astelehen honetan, Gorenak erantzun du Velasco epaileak ez zuela deliturik egin, ez baitzuen "berme konstituzionalik edo legalik urratu".
Halaber, epaileak oker jokatu zuela egiaztatzeko frogarik aurkeztu ez dutela gaineratu du Gorenak.
Velasco epaileak 2014ko urtarrilean kartzelatu zituen aipatutako abokatuak, ETAko presoen artean diziplina ezartzea egotzita.
Horren esanetan, abokatuek ETAren aginduak helarazten zizkieten eta gizarteratze neurriei heltzea galarazten zieten.