Politika -
Gure Esku Dago
Independentziari buruzko herri-galdeketa egingo dute Azpeitian
Azpeitiko hitzordua datorren ekainaren 12an izango da. Gainera, Diman ere herri-galdeketa izango da, eta horren inguruko aurkezpena egingo dute bihar bertan komunikabideen aurrean.
EITB.EUS
Independentziari buruzko herri-galdeketa egingo dute Azpeitian (Gipuzkoa) datorren ekainaren 12an, larunbat honetan Gure Esku Dago plataformak jakinarazi duenez.
Galdeketa prestatzeko, 15 lagunek osatutako Hitzartu talde-eragilea sortu dute herrian, eta talde horren ardura izango da, martxoaren erdira bitartean, galdeketaren aldeko sinadurak biltzea. Gutxienez, 1.500 sinaduratik gora bildu nahi dituzte, hau da, biztanleen % 10a baino gehiagoren babesa jaso nahi dute, herri-galdeketa egin ahal izateko, hain zuzen ere.
Prozesuaren nondik norakoak azaltzeko Hitzartu taldeak aurkezpen ofiziala egin du larunbat honetan Soreasuko Antzokian. Herri-itaunketa planteatu nahi duten galdera independentziaren ingurukoa izango da: "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?". Erantzun posibleak bi izango dira: bai ala ez.
Hitzartu taldeak adierazi duenez, herri-galdeketan parte hartzeko baldintzak honako hauek izango dira: Azpeitian erroldatuta izatea, eta 16 urte edo gehiago izatea.
Bestalde, Diman (Bizkaia) ere herri-galdeketa bera egiteko asmoa dute. Horren harian, igande honetan 12:30ean herriko talde-eragilearen aurkezpena egingo dute, Gure Esku Dago Dima plataformak Twitterren bitartez zabaldu duenez.