Politika -

A20-KO hauteskundeen ondotik

PSOEk Senatuko lau eserleku ematea 'akatsa' da, Rajoyren arabera

'Natura'ren kontrako Gobernu ituna egiteko sozialisten 'ahaleginen' baitan kokatu du PSOEren erabakia Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea. Artxiboko irudia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ERCk eta Democracia i Llibertat Kataluniako alderdiek Senatuan talde propioa izan dezaten PSOEk alderdi horiei bina eserleku (lau guztira) ematea "akats handia" izan da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidentearen arabera. Are gehiago, "zazpi edo zortzi alderdiren babesarekin" 'natura'ren kontrako Gobernu ituna egiteko sozialisten "ahaleginen" baitan kokatu du PSOEren erabakia.

Rajoyk azpimarratu duenez, "Estatuari pultsua planteatzen ari den" Gobernu autonomiko "independentistako" kide dira ERC eta Democracia i Llibertat. Hala, Rajoyren hitzetan, PSOEren erabakia "akats handia" da, "ez dauka inolako zentzurik" eta "ez dute horrelakorik merezi" ez espainiarrek eta ezta boto emaile sozialistek ere.

"Une honetan, Espainiarentzat gauzarik txarrena zazpi edota zortzi alderdiren babesa behar duen Gobernua osatzea da. Gainera, horietako askok PSOEren kontrako jarrerak dituzte", azaldu du. Gaineratu duenez, gisa horretako Gobernu bat osatzea "zentzugabekeria" eta "iruzur handi bat" litzateke.

Ildo horretan, Rajoyk azpimarratu du "Gobernu zentzudun" bakarra PPk gidatutako eta PSOEk eta Ciudadanosek babestutako gobernua dela: "Gero aztertuko ditugu formulak", gaineratu du. Rajoyren esanetan, hiru alderdiak "ados" daude "gai nagusietan", hala nola, Espainiaren batasunari eta burujabetzari buruzko jarreran.

Rajoyren iritziz, koalizio handi batek Espainiarentzako beharrezkoak liratekeen erreformak egiteko "balioko" luke eta, bereziki, "errekuperazio ekonomikoa egonkortzeko eta enplegua sortzeko". Gainera, nabarmendu du koalizio handiaren formula aplikatu izan dutela Europako hainbat herrialdetan (Alemania, Austria eta Herbehereak) eta Europako erakundeetan.

"Hori da zentzuzkoena eta gehiengoa gehien ordezkatzen duena", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Alderdi Sozialista Rajoy berriak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak