Politika -

Senatua

PSOEk lau eserleku emango dizkie ERCri eta Democracia i Llibertati

ERCren arabera, “kortesia parlamentarioaren ondorio” da PSOEk eserleku horiek uztea. PSOEk esan du ez duela inolako akordiorik alderdi horiekin.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia
Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia. Artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk bina eserleku emango dizkie ERCri eta Democracia i Llibertati, Senatuan talde propioa izan dezaten bi alderdi horiek ere.

Araudiaren arabera, 10 eserleku izan behar dira talde propioa osatu ahal izateko, eta zortzi eskuratu zituzten biek; beraz, beste bi behar zituzten taldea osatzeko. PSOEri esker izango dute talde propioa.

ERCren esanetan, “kortesia parlamentarioaren ondorio” da Alderdi Sozialistak eserleku horiek uztea, eta legegintzaldi hasieran ohikoa izaten da horrelakoak gertatzea alderdiren batek taldea gutxigatik osatu ezin duenean.

Oscar Lopez PSOEren bozeramaileak azaldu duenez, eserlekuak eman arren, “desadostasun oso sakonak” dituzte bi alderdi horiekin, eta, horren adibide, sozialistak Kataluniako prozesu independentistaren aurka daudela azpimarratu du. “Baina hori gauza bat da eta beste bat Senatua bezalako lurralde-ganbera batean ohikoa den jokabideaz aritzea eta talde propioa izan dezatela ahalbidetzea”, erantsi du.

Amaitzeko, Lopezek nabarmendu du Alderdi Sozialistak ez duela ERCrekin eta Democracia i Llibertatekin inolako akordio politikorik, eta sozialistek ez dutela ERCren edo DiLen egitasmo politikorik babestuko aurreratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Albisteak Alderdi Sozialista Espainiako Gobernua Gaurko azken ordukoa