Politika -

Katalunia

Artur Masek uko egin dio Kataluniako Parlamentuko diputatu izateari

Kataluniako presidente kargua Carles Puigdemontek hartu eta biharamunean iritsi da Masen erabakia.

Artur Mas Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko irudia
Artur Mas Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko irudia
Artur Mas Kataluniako Parlamentuan. Artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidente ohiak Kataluniako Parlamentuko diputatu izateari uko egin dio eta parlamentari akta entregatu du.

Kataluniako presidente kargua Carles Puigdemontek hartu eta biharamunean iritsi da Masen erabakia.

Diputatu akta entregatuta, Masek forupekoa izateari utzi dio. Alabaina, oso litekeena da 2014ko azaroaren 9an egindako galdeketagatik Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak hasitako prozesu judizialak aurrera jarraitzea; izan ere, kasu horretan inputatuta dagoen Irene Rigau Hezkuntza kontseilari ohiak parlamentari izaten jarraitzen du.

Dagoeneko kargu publikoa ez denez, Masek, hala nahi badu, Generalitateko presidente ohiei dagokien ordainsaria jaso dezake: presidente izateagatik jasotzen zuen soldataren % 80, hain zuzen ere. Ordainsari hori gutxienez legegintzaldi baterako izango litzateke eta gehienez presidente izan den urteen erdirako.

Generalitateko presidente ohien araudiaren arabera, ordainsari hori ez da bateragarria kargu publiko edo pribatuekin, ezta enpresa publiko edo pribatuetako administrazio kontseiluetan parte hartzearekin.

Presidente izan denez, Masek eskubidea izango du bulego bat izateko, aurrekontu batekin eta langileekin.

CDCren eraberritzea

Masek joan den larunbatean iragarri zuen presidente izateko hautagaitza erretiratzea erabaki zuela, Junts Pel Siren eta CUPen arteko akordioa ahalbidetzeko asmoz. Baina orduan ez zuen argitu etorkizunean izango zuen ardura, ezta diputatu izateari uko egingo zion ala ez.

Aitzitik, Kataluniako Gobernu berriari eta Parlamentuari prozesu soberanistan laguntzeko asmoa adierazi  zuen eta politikagintza utziko ez zuela azpimarratu zuen.

Agerraldi hartan, CDC eraberritzeko ahalegin guztiak egingo zituela jakinarazi zuen. Mas 2012tik da CDCren presidentea.

Bestalde, Fabian Mohedanok hartu du Kataluniako Parlamentuan Artur Masek utzitako eserlekua. PSCko buruzagi ohiak Alderdi Sozialista utzi zuen, prozesu soberanistaren alde lan egiteko eta Junts Pel Siren Bartzalonako zerrendan Masen ondorengoa izan zen irailaren 27ko hauteskundeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur Kataluniako hauteskundeak Artur Mas