Politika -

NEGOZIAZIOAK

Podemos Senatuko Mahaitik kanpo geratu da, eta EAJ sartu da

Ramon Espinar Podemoseko senatariaren hitzetan, bere alderdiak ez du eserlekurik negoziatzen, horiek zertarako erabiliko diren baizik.

Pablo Iglesias, Kongresura iritsi denean. EFE.
Pablo Iglesias, Kongresura iritsi denean. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuko Mahaitik kanpo geratu da, azkenean, Podemos alderdia, ez baitu gainerako alderdiekin akordiorik erdietsi. Hala, EAJk ordezkaritza izango du Goi Ganberako Mahaian, PSOErekin eta PPrekin batera; popularrek lau ordezkari izango dituzte Senatuko Mahaian, sozialistek bi eta jeltzaleek bakarra. Maria Eugenia Iparragirrek hartu du EAJren tokia.

Ramon Espinar Podemoseko senatariak gogor kritikatu du erabakia, gaurko saiora sartu aurretik egindako adierazpenetan. "Mahaiaren kontrol osoa nahi dute. PSOEk herri hau gobernatzeari uko egin dio, ia. Hirugarren indarra gara Ganbera honetan, eta Mahaitik kanpo utzi gaituzte", salatu du.

Hitzon aurrean, Oscar Lopez sozialistak esan du ez dutela inolako akordiorik lotu PPrekin; Podemos betetzekoa zen lekua EAJri emateko arrazoia bakarra da, horren hitzetan: "Akordio posible guztietatik kanpo geratu da Podemos. Eurek azaldu beharko dute zergatik egin duten hori. Agian, ez dute bete nahi izan Kongresuko Araudiak jasotzen duena".

"Hau demokrazia da. Negoziatzen eta akordioak lotzen jakin behar da. Atzo, Kongresuko akordiotik kanpora geratu zen Podemos, eta horrek Senatuan eragina du. Tradizioz, PSOEk postua eman egiten du; oraingoan, EAJri", adierazi du Lopezek.

Espinarren hitzetan, berriz, bere alderdiak ez du eserlekurik negoziatzen, horiek zertarako erabiliko diren baizik.

Senatuko Mahaiaren eraketaz hitz egiteko negoziazioetan, "30 segundo" eman zituzten PPrekin, eta "bost minutu" PSOErekin, Podemoseko kidearen hitzetan. Sozialistek eta popularrek "hasieratik" utzi nahi izan zuten Podemos kanpoan, Espinarren aburuz.

PP, PSOE eta EAJ

PPk, PSOEk eta EAJk osatuko dute Senatuko Mahaia. Alderdi Popularraren esku egongo dira presidentetza, lehen presidenteordetza eta bi idazkaritza; PSOEren esku, bigarren presidenteordetza eta idazkaritza bat, eta jeltzaleek idazkaritza bat izango dute.

Pio Garcia-Escudero popularrak jarraituko du Mahaiko presidente karguan, Pedro Sanz (PP) eta Joena Lerma (PSOE) izango dira presidenteordeak, eta Luis Aznar (PP), Adela Pedrosa (PP), Juan Carlos Raffo (PSOE) eta Maria Eugenia Iparragirre (EAJ), berriz, idazkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Alderdi politikoak Eguneko albisteak Podemos albisteak