Politika -
Katalunia
Forcadell: 'Hiru hilabeteko negoziazioak ahuldu egin du prozesua'
“Legeak beti beteko ditugu: Espainiako legedia beteko dugu Kataluniako legeria izan arte”, azaldu du Parlamentuko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Carles Puigdemont Generalitateko presidentearen inbestidura lortu arren, JxSiren eta CUPen arteko negoziazioak independentismoa ahuldu duela onartu du Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuaren presidenteak: “Zintzoak izan behar dugu eta hiru hilabete horiek prozesua eta konfiantza aldatu dutela onartu, baina konfiantza dago berriz ere”.
TV3 telebistan egindako adierazpenetan, autokritika egiteko eskatu die Forcadellek JxSiren 62 diputatuei eta CUPeko hamarrei. Inbestidurarako ituna lortu arren, seinalea uzten duten zauriekin alderatu du prozesua Parlamentuko presidenteak, "honaino heltzeak izan duen zailtasuna gogorarazteko".
Kataluniako Ganberak onartutako haustura adierazpena bertan behera utzi zuen Auzitegi Konstituzionalak, eta Parlamentuak ebazpen horren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Defentsa ekintza bat dela argudiatu du Forcadellek, "Parlamentua Kataluniaren erakundea delako, ez bakarrik parlamentari taldeena".
"Beti beteko ditugu legeak; Espainiako legedia beteko dugu, Kataluniako legeria izan arte", azaldu du.
Erregearekin bilera
Forcadellek ez du argitu Madrilera joango ote den Felipe erregeari Carles Puigdemonten izendapenaren berri ematera. Felipe VI.ak hartzeko aukerarik ez balu, izapidea gutun baten bidez egin daitekeela gogorarazi du.
Ganberako presidentearen hitzetan, Errege Etxearen erantzunak ez du aurreikusitako egutegia "aldatuko", ez baita ezinbestekoa Puigdemont erregearekin biltzea kargu berriaz jabetu aurretik.
Salellas: "CUP bat eginda dago"
Bestalde, JxSirekin negoziatu ondoren, CUP hautsi ez dela ziurtatu du Benet Salellas diputatuak. Artur Masi babesa eman ala ez erabakitzeko orduan zatiketa gertatu zen, baina horrek hausturarik ekarri ez duela esan du Salellasek: "Erakundea bat eginda dago oraintxe bertan".
Salellasek TV3en azaldu duenez, bere eztabaida politiko beroak azkenera arte eraman ohi ditu CUPek, baina Puigdemonten inbestidura "baltsamo bat izan da zauri txiki guztiak sendatzen laguntzeko".
Masen indarra "aprobetxatu" egingo dutela ziurtatu du Romevak
Independentzia prozesuan, Generalitate berriak Artur Masen indarra "aprobetxatu" egingo duela ziurtatu du Raul Romeva JxSiren diputatuak.
Presidente ohi gisa "aprobetxatu eta kudeatu beharreko estatus bat" duela adierazi du Romevak Catalunya Radio irratian, baina oraindik formatua erabaki behar dutela erantsi du.
Albert Rivera
Albert Rivera Ciudadanosek presidenteak gogor egin du Puigdemont presidente izendatu berriaren kontra: "arduragabekeriaz aritzea" leporatu dio. Horren aurrean, Mariano Rajoyren Gobernuari egoerak eskatzen duen "neurriko" jarrera eskatu dio.
"Puigdemonti esango nioke ez dela koldarren garaia, ez eta arduragabeena ere", esan du Riverak, atzo Kataluniako presidenteak inbestidura saioan esandakoak gogora ekarriz.
Xavier Albiol
Xavier Garcia Albiol PPCko buruak, bestalde, Ciudadanos, PSC eta CatSiQueEsPot alderdiekin harremanetan jarriko dela iragarri du, "elkarrekin" eta "koordinatuta" erantzuteko Katalunia hautsi nahi dutenei.
PPCren zuzendaritza batzordearen bileraren ostean egin ditu adierazpenok Albiolek. Independentisten asmoen aurrean, popularrak "oso kezkatuta" daudela esan du. Albiolen iritzian, askatasunaren eta demokraziaren kontrako "atentatua" da independentziaren aldeko proiektua.
Miquel Iceta
Berehala erantzun dio Miquel Iceta sozialistak Albioli. PSCko buruak ezezko borobila eman dio independentistak ez diren alderdiek bat egitearen proposamenari: "Ez dugu fronterik nahi, zubiak eraiki nahi ditugu", esan du.
"Kataluniarrei aurre eginda arazoa konponduko duela uste badu norbaitek, oker dabil", gaineratu du. PSCk elkarrizketaren alde egingo duela esan du Icetak, "fronteak baztertuz".
Iñigo Errejon
Junts Pel Si eta CUPen arteko akordioak PSOEren gaineko presioak areagotuko dituela uste du Iñigo Errejon Podemoseko idazkari politikoak, Espainiako Gobernu berria osatzeko PP babes dezan. "Abstentzioaren bidez, PPren gobernua babesteko presioak areagotu dira sozialisten gainean. Modu horretan, koalizio-akordio handi baten aurrean geundeke, beti bezala, haustura desafioei aurre egiteko aitzakia erabilita", esan du.