Politika -
Katalunia
Kataluniako Gobernu berria osa dezaketen izenak
Hiru kontseilaritza handi egongo dira Puigdemonten presidentetza laguntzen. Haien buru egongo dira Oriol Junqueras, Neus Munté eta Raül Romeva.
eitb.eus
Carles Puigdemontek zuzendutako etorkizuneko Kataluniako Gobernuak dagoeneko zehaztuta lituzke zenbait izen. Horrenbestez, hiru kontseilaritza handi egongo dira Puigdemonten presidentetzarekin batera, honako hauen esku: Oriol Junqueras, Neus Munté eta Raül Romeva.
Junquerasek arlo ekonomikoa zuzenduko luke, eta Generalitateko lehendakariordea ere izango litzateke. Munteri gizarte esparrua egokituko litzaioke (Gobernuko bozeramailea izateaz gain), eta Romevari nazioarteko gaiak.
Kontseilaritza handi bakoitzaren azpian kontseilaritzak egongo dira, oraindik zehazteke daudenak, CDC eta ERCren artean egingo duten banaketaren arabera.
Egungo sailburuen artetik, Irene Rigauk (Hezkuntza) eta Andreu Mas-Colellek (Ekonomia) dagoeneko adierazi dute ez dutela jarraitzeko asmorik; aldiz, egungo Gobernuko kide diren Jordi Janek (Barne sailburua) eta Santi Vilak (Lurralde sailburua) errepikatzeko aukera asko dituzte, baina azken horrek beste sail batean.