Politika -
Presoen eskubideen alde
Milaka lagunek egin dute bat Bilbo eta Baionan presoen eskubideen alde
Sakabanaketa salatu dute, eta "herritarrek hitza hartu eta planto egiteko garaia" dela defendatu dute.
EITB.eus | Erredakzioa
Milaka herritarrek parte hartu dute Sare eta Bagoaz plataformak deituta Baionan eta Bilbon egin diren manifestazioetan, sakabanaketa politikaren amaiera eta euskal presoen giza eskubideak errespetatzea eskatzeko.
Bilboko manifestazioa 17:30ean hasi da Casillatik, autobus ugarik arazoak izan baitituzte Bilbora sartzeko, eta Bilboko udaletxe aurrean bukatu da. Bertan, 70.000 herritarrek parte hartu dute, udaleko iturrien arabera.
Martxaren buruan presoen senide ugari joan dira, eta haien aurretik sei furgoneta zihoazen, ETAko presoak dituzten presondegietara arteko dauden distantzia adierazten zituztenak.
Haien atzetik pankarta nagusia zihoan, "Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde. Euskal presoak Euskal Herrira" leloa zeukana. Aipatu pankarta eusten, besteak beste, Rosa Rodero, ETAk eraildako Joseba Goikoetxea ertzainaren alarguna eta Gemma Zabaleta, PSE-EE alderdiarekin Enplegu eta Gizarte Arazoen sailburua izandakoa zeuden.
Bestalde, Baionako manifestazioa Laugan hasi da eta Xaho kaian bukatuko da. Behin ibilbideak amaituta, ekitaldi bateratuak egingo dituzte.
Gaurko manifestazioak azkenak izatea espero du Sarek, "mendekua eta gorrotoa atzean geratu diren seinale" izango delakoan; baina bitartean "bizikidetzaren aldeko pausoak eskatzen dituen herri honekin zerikusirik ez duten jarrerak salatzen" jarraituko duela hitzeman du.
Kazetariei egindako adierazpenetan, Rosa Roderok azaldu du bera ekitaldi horretan egotearen arrazoia bere senarrak presoen birgizarteratzearen alde borrokatzen zuelako zela, eta berak irakaskuntza horri jarraitzen diola, beren seme-alabak ere horren arabera hezi baitzituzten.
Halaber, ETAren ekintza-armatua bukatu zenetik "lau urte geldi egon ostean, garaia da gizarte guztia mugitzen has dadin", gaineratu du; eta, esan duenez, manifestazioan "gauza arruntak" aldarrikatzen dira hala nola, presoak hurbiltzea, "dagokien zerbait baita, espetxe-legearen arabera".
Bere aldetik, Gemma Zabaleta sozialistak, Patxi Lopez lehendakaria zeneanEnplegu eta Gizarte gaietako sailburua izandakoak, egungo espetxe-politika "onartezina" dela iritzi du, bi zigor dakartzalako: presoentzako eta familiartekoentzako. Bere aburuz, "beste espetxe-politika batek" Euskadi normalizatzen lagunduko luke.
Rodero eta Zabaletarekin batera, David Fernández eta Anna Gabriel CUPeko kideek ere eraman dute pankarta. Beroriek izan dira manifestazioaren buruan egon diren alderdi politikoetako ordezkari bakarrak.
Pankarta eusten beste hauek ere egon dira, beste batzuen artean: Fermin Muguruza musikaria, Realeko jokalari ohi Inaxio Kortabarria eta Aministiaren aldeko Gestoreetako buru Juan María Olano.
Komunikabideei egindako adierazpenetan, Sareko bozeramaile Joseba Azkarragak baieztatu duenez, antolatzaileen aurreikuspenak gainditu ditu manifestaziora bertaratutako jende kopuruak.
Azkarragak abenduak 20ko hauteskundeetatik ateratako aktore politiko berriei zein zaharrei helarazi nahi izan die "Euskal Herriko gizartearen gehiengoak sakabanaketaren sufrimenduarekin bukatzeko neurriak" eskatzen dituela, baita gaixorik dauden presoak aske gera daitezela ere.
Baieztatu duenaren arabera, "ondorioak konpontzen direnean besterik ez da konponduko gatazka; noski, biktimen egoera, baina baita egunero-egunero beren eskubideak urraturik ikusten dituzten 470 presoena ere".
Ekitaldian EH Bilduko kideek esku hartu dute hala nola, Pernando Barrenak (Sortu) eta Pello Urizarrek (EA). Beraiekin batera egon dira ELA eta LABeko idazkari nagusiak ere Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide, baita Iñaki Zarraoa Getxoko alkate ohia ere (EAJ).
Bukaerako adierazpena
Manifestazioan zehar ez da istilurik egon (gauza aipagarri bakarra egunean zehar Bilboko Zazpikaleetan presoen aldeko pintadak agertu direla izan da), eta Udaletxe aurrean bukatu da. Bertan, Zuriñe Hidalgo abeslariak eta Xabier Euzkitze aurkezleak bukaerako adierazpena irakurri dute.
Adierazpen horretan, Baionako kaleetan ere "milaka pertsona" ibili direla gogoratu nahi izan dute. Horrez gain, gaitzetsi egin dute "ETAk ekintza armatuak utzi zituenetik" lau urte igaro ostean, eta "presoen kolektiboak emandako urratsak eta gero, Frantziako eta Espainiako gobernuen espetxe-politika lehen bezain krudela" izaten jarraitzen duela.
Era berean, presoek jasaten dituzten "egoera gogorrak" ekarri dituzte gogora, horietako zenbaitetan "isolamendu-epe luzeak pairatu behar izanik".
Haien aburuz, ez da onargarria espetxe-politika "mendekuaren parametroen arabera aplika dadila", eta azpimarratu dutenez, "garaia da kalkulatutako sufrikarioei eta politika ankerrak aplikatzeari nahikoa da esatea". "Garaia da herritarrek hitza hartu eta planto egiteko garaia da", azpimarratu dute.