Politika -

Presoak

'Oztopoak kentzen bidelagun' izan daitezela eskatu die Sarek alderdiei

170-200 autobus inguru bertaratuko dira Bilbon eta Baionan egingo dituzten martxetara, iazko manifestaziora joan zirenen antzera, zehaztu dutenez.

'Oztopoak bidetik kentzen laguntzeko' eskatu die Sarek alderdiei

1:59

Agentziak / eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan, Bilbon eta Baionan, presoen eskubideen alde egingo diren manifestazioetan parte hartuko duten alderdi politikoei eta bertan parte hartzeko militanteei askatasuna eman dien alderdiei eskerrak eman dizkie Sarek gaur goizean eman duen prentsaurrekoan. “Ez bata ez bestea egin dutenei ere” errespetua erakutsi die plataformak. Horrekin lotuta, “Euskal Herrian benetako bakea lortzeko dauden oztopoak kentzeko laguntza” eskatu die alderdiei.

Teresa Toda eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileek adierazi dutenez, 170-200 autobus inguru bertaratuko dira Bilbon eta Baionan egingo dituzten martxetara, iazko manifestaziora joan zirenen antzera, zehaztu dutenez.

Halaber, 200 bat kazetarik emango dute manifestazioaren berri, eta 500 bat boluntariok lagunduko dute Bilboko manifestazioan.

Oraindik ere elkartasun mezuak jasotzen ari direla adierazi dute, “Palestina, Argentina, Bolivia, Korsika eta Irlandatik”, esan dute. Hori dela eta, gaurko manifestazioak jendetsuak izango direla espero dute antolatzaileek. “Milaka lagunek esan dute euren izenean ez zapaltzeko presoen eskubideak, ez uzteko espetxean preso gaixoak eta lege bereziak ezartzeari uzteko”, gaineratu dute.

“Sufrimenduarekin amaitzeko, egoera normaltzeko eta elkarbizitza” lortzeko itxaropena dutela adierazi dute antolatzaileek.

Saretik zehaztu dutenez, hainbat gizarte eragilek eta ideologia diferenteetako lagunek adierazi diote atxikimendua arratsaldeko hitzorduari. “Gizarte zibilari egin diogu deia da”, erantsi dute.

Mobilizazioarekin bat egin dutenei, zein militanteei bertaratzeko askatasuna eman dien alderdiei, eskerrak eman dizkiete antolatzaileek. “Gainerako guztiei errespetua adierazi nahi diegu”, esan dute. Manifestazioan izango direnei eta ez direnei, guztiei, “mugitzeko eta bidean dauden oztopoak kentzen laguntzeko” eskatu diete, “elkarbizitza eta benetako bake iraunkorra lortzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea