Politika -
Hauteskunde osteko itunak
Rajoyk independentistekin ituna egiteko 'gai' ikusten du Sanchez
Espainiako Gobernuko presidenteak uste du ituna egin dezakeela "zortzi edo bederatzi alderdirekin", independentistak tarteko, eta hori txarra izango litzatekeela ohartarazi du.
agentziak | erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak esan du Pedro Sanchez PSOEren burua "zortzi edo bederatzi alderdirekin" koalizioa bilatzeko "gai" ikusten duela, tartean independentistekin, eta ohartarazi du hori ez litzatekeela ona izango Espainiarentzat.
Rajoy Kongresura joan da diputatu akreditazioa hartzera, eta berretsi egin du PSOErekin eta Ciudadanosekin itun handia egiteko proposamena, "250 diputatuko talde indartsua" osatuko litzatekeelako, eta horrekin "Espainian eta atzerrian lasaitasun, egonkortasun eta segurtasun mezua" zabalduko litzatekeelako.
Hala eta guztiz ere, kazetariei esan die ez diola hitz egiteko inolako asmorik ikusten Sanchezi, eta argi adierazi duela ez duela PPren gobernu bat erraztuko.
Jarduneko presidenteak berretsi du bere proposamena babesten jarraituko duela, lortu arte, "lortuz gero".
Baina ezin izan omen dio eskaintza zehatzik egin Sanchezi "ez duelako entzun nahi izan", eta inbestidura ekitaldian helarazi beharko dio.
Ordura arte, "ezkutuko elkarrizketak" izango omen ditu bakoitzak duen borondatea ezagutzeko, baina onartu du badakiela zein den buruzagi sozialistarena, ez duelako PPren Gobernu bat inola ere babesteko asmorik.
Horren harira, prozesuan hitz ere egin nahi ez zuen jendea dagoela gaitzetsi du, eta aurrerantzean "entzuteko, hitz egiteko eta iritziak trukatzeko" prest egongo direla espero du.
Mariano Rajoyk ez du xehetasunik eman nahi izan beste alderdi politiko batzuekin izan dituen elkarrizketen inguruan. Azaldu duenez, etengabeko elkarrizketa prozesua da hau, eta jarraitu egin behar du.
PPren presidentegaiak uste du hiru direla aukerak: berak proposatzen duen ituna, independentistak eta autodeterminazioaren aldeko indarrak barne hartzen dituen "ezker muturreko" koalizioa, eta hauteskunde orokorrak errepikatzea.
Dena dela, aukera onena berea omen da, Estatuak behar duena "egonkortasuna, segurtasuna, susperraldi ekonomikoa indartzea eta hazkundearen bidean jarraitzea" delako, eta horretarako aukera bakartzat ikusten du berea.