Politika -

Bilera

'Aurrera egin nahi duen' PSOEko sektoreari eskua luzatu dio Iglesiasek

Alderdiko zuzendaritza nazionalak abenduaren 20ko hauteskunde orokorren osteko lehen bilera egingo du.

Pablo Iglesias. Artxiboko irudia: EiTB
Pablo Iglesias. Artxiboko irudia: EiTB
PSOE 'zentzudun bati' eskua luzatu dio Pablo Iglesiasek

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak elkarrizketarako deia egin dio gaur "aurrera egin nahi duen" eta "Espainia ulertzen duen" PSOEko sektore "zentzudunari". Aldi berean, berretsi du gizarte larrialdiko egoera konpontzea eta lurralde auzia "bide demokratikoak erabilita", hau da, Katalunian erreferenduma deituta, bideratzea direla Podemosen lehentasunak.

"Bi Alderdi Sozialista daude: zati bat PPrekin bat eginda dago eta, beste zatiak, ostera, aurrera egin nahi du. Guk eskua luzatu behar diegu", adierazi du Iglesiasek hauteskunde osteko egoeraz Podemosen Herritarren Kontseiluaren baitan egin duen hitzaldian.

Iglesiasen esanetan, aukeretako bat PPren, Ciudadanosen eta PSOEren artean "koalizio handia" hitzartzea da. Haren hitzetan, baroi sozialistek aukera horren alde egiten dute, tartean, Guillermo Fernández Vara Extremadurako presidenteak, Emiliano García-Page Gaztela Mantxako presidenteak eta Susana Diaz Andaluziako presidenteak.

"PSOE horretarako prest egongo den zalantzan dago. Ez da guk nahi dugun agertokia, guk beti eskua luzatuta daukagu PPk ez agintzea ahalbideratuko duen aukera aztertzeko", nabarmendu du. Aldi berean, "antzerkia egiteari uzteko" eta "zer egin nahi duten argitzeko" eskatu die sozialistei.

Podemosen Espainiako zuzendaritzak abenduaren 20ko hauteskunde orokorren osteko lehendabiziko bilera egingo du gaur, alderdiak izandako emaitzak aztertzeko eta bozen ondorengo egoera baloratzeko.

Podemoseko Herritarren Kontseilua osatzen duten Podemoseko buruzagi eta idazkari nagusiek beren iritzia emango dute alderdiaren exekutibak Espainiako Gobernua osatzeko ezarritako estrategiaren eta lehentasunen gainean.

Pablo Iglesias Podemoseko buruzagiak hauteskunde biharamunean iragarri zuen haren alderdiak ezetz bozkatuko lukeela PPren presidentegaiaren (Mariano Rajoy) balizko inbestidura saioan. Hala ere, ez zuen baztertu PSOE babestea, beti ere, Katalunian erreferenduma egitea baldintza moduan jarrita. Sozialistak, ordea, ez daude baldintza hori onartzeko prest.

Alderdi moreak, gerora, beste lehentasun batzuk nabarmendu baditu ere -Gizarte larrialdietarako legea, kasu-, erabakitzeko eskubidearen gaia akordiorako baldintza gisa jartzen segitzen du.

Gainera, Podemosek akordiorako beste baldintza bat ezarri du: "ate birakariak" debekatzea eta debeku hori Konstituzioan jasotzea. Ildo horretan, Podemosen babesa izan nahi duen edozein alderdiko "kide guztiei" eskatu die atera daitezela Administrazio Kontseiluetatik edota "alderdiko karneta" entregatzeko.

Baldintza horiek guztiak medio, momentuz, zaila dirudi Podemos eta PSOE akordiora heltzea.

Podemosen baitan ez dute baztertzen hauteskundeak errepikatzea. Zenbait buruzagiren esanetan, ez da egoerarik "desiragarriena", baina ez dute begi txarrez ikusten hauteskundeak egiten diren aldiro hazi egiten direla argudiatuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hauteskunde orokorrak Espainian Espainia Pablo Iglesias Gaurko azken ordukoa Podemos berriak