Politika -
Gobernagarritasuna
Mendia: 'PSOEk ez dio babesa emango PPri, ezta inola ere'
PSOEk berretsi du ezezkoa emango diola Mariano Rajoy eta haren alderdiari; izan ere, Ferrazen iritziz, "immobilismo, inposizio eta desberdintasunaren sinonimoak dira".
Agentziak | Erredakzioa
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak berretsi du PSOEk ez diola babesa emango PPri gobernua osatzeko "ezta inola ere". Hala erantzun dio Mariano Rajoy jarduneko presidenteari; izan ere, Rajoyk astearte honetan proposatu du babes zabaleko gobernua osatzea, PPren lidergoarekin eta parlamentu-egonkortasunarekin. Espainiako batasuna, subiranotasun nazionala eta espainiarren berdintasuna defendatzen dutenek egingo lukete Gobernu hori.
"Ez du ematen horrek aukerarik duenik; PPk badaki PSOEk ez diola babesa emango Gobernua osatzeko, ezta inola ere, ez gure baiezkoarekin ezta gure abstentzioarekin ere, ez Mariano Rajoyrekin ezta beste edozein hautagairekin", esan du, Radio Euskadiri egindako adierazpenetan.
"Immobilismo, inposizio eta desberdintasuna"
PSEko liderrak hitz egin aurretik, PSOEk ere ezezkoa berretsita zuen. Alderdi Sozialistak nabarmendu du ezezkoa ez dela bakarrik Rajoyrentzakoa, baizik eta PPko beste edozein hautagairentzakoa ere. Haien iritziz, PP "immobilismo, inposizio eta desberdintasunaren sinonimoa da".
Cesar Luena Antolamendu idazkariak berriro azaldu du PSOEk uste duela Rajoy saiatu behar dela Gobernua osatzen, boto gehien jaso duen alderdiko hautagaia delako, baina berriz azpimarratu du ez duela sozialisten babesa izango; izan ere, Rajoy "iraganekoa da". "Rajoy immobilismoa da, inposizio; Rajoy eta haren alderdia ustelkeriatik oso gertu daude; Rajoy desberdintasuna da", laburbildu du.
Sozialisten bigarren zenbakiak berretsi du Espainiak kohesio soziala eta berdintasuna behar dituela, eta PPko presidentea, hain justu, kontrakoa dela. Gainera, esan du beharrezkoak direla "argitasuna eta garbitasuna", eta ez orain PP, Luenaren esanetan, ematen ari den ikuskizuna, Pedro Gomez de la Serna diputatuaren auzia dela-eta. "Hain zaila al da baztertzea?", galdetu du.