Politika -
Urte berriari begira
Presoen egoera agenda politikora eraman nahi du Etxeratek 2016an
Halaber, bat egin du Sarek eta Bagoazek urtarrilaren 9rako Bilbon eta Baionan deitu dituzten manifestazioekin.
Agentziak | Erredakzioa
Etxeratek ''hastear den urte berrian'' euskal herritarrek presoekiko ''babesa'' berretsi dezaten dei egin du asteazken honetan, eta presoen egoera ''agenda politikoetara'' eramatearen beharra azpimarratu du. Halaber, bat egin du Sarek eta Bagoazek urtarrilaren 9rako Bilbon eta Baionan deitu dituzten manifestazioekin.
Patricia Velez eta Urtzi Errazkin Etxerateko kideek adierazpen bat irakurri dute Donostian egin duten agerraldian eta, bertan, manifestazioekin bat egiteko deia egin dute. Egun horretan, gainera, presoen senideek bisitarik egingo ez dutela ere azaldu du, martxa horietan egoteko.
"Espainiako eta Frantziako estatuen immobilismoaren aurrean, garaia da gure senitartekoak ikusten uzten ez diguten harriak mugi daitezen'', esan du Velezek. Horrekin batera, ''dispertsio politika'' ere salatu du, ''orain 26 urte martxan jarri zenetik aldaketa nabarmenik izan ez duena''.
Prentsaurrekoa hasi baino lehen Donostiako Koldo Mitxelenan ''harriak mugitzeko'' ekitaldi sinbolikoa egin dute, urtarrilaren 9ko leloari erreferentzia eginda.