Politika -
Auzitegi Nazionala
296 urteko zigorra Alberdi eta Narvaezentzat, bi agente hiltzeagatik
Auzitegiak probatutzat jo du biek parte hartu zutela Tedax saileko bi agente hil ziren atentatuan, Toledon, 1991eko ekainaren 12an. Beste hamar lagun zauritu ziren bertan.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Nazionalak 296 urteko kartzela-zigorra ezarri die Itziar Alberdi Uranga eta Juan Jose Narvaez Goñi ETAko kideei, 1991eko ekainaren 12an bonba-pakete bat bidaltzeagatik -pakete-banaketako enpresa baten bidez- eta desaktibatzen ari ziren Tedax saileko bi agente bertan hiltzeagatik.
ANk probatutzat jo du biek atentatuan parte hartu zutela, Jose Luis Urrusolo Sistiagarekin batera. Atentatuan, beste hamar pertsona zauritu ziren. "Hirurek, ETAren helburuak betetzen ari zirela, bonba-pakete bat prestatu zuten eta Construcciones Atocha enpresaren presidenteari bidali zioten. Enpresa hori Leizarango autobidearen proiektuan parte hartzen ari zen", Manuela Fernandez de Pradok, Nicolas Povedak eta Fermin Etxarrik egindako ebazpen judizialaren arabera.
Halaber, Auzitegiak Alberdi Urangaren aurka aurkeztutako froga nagusia eskuz idatzitako idazki bat izan da. Bertan, paketeak bidaltzen dituzten enpresen zerrenda jasotzen zen, eta Servitrans buruan zegoen.
Narvaez Goñi, bestalde, paketearekin batera bidali zuten testuaren egilea izan zen eta bidaltzeko prestaketak egin zituen, Auzitegiaren arabera; alabaina, ezin izan dute zehaztu Narvaezek edo Goñik entregatu zuen paketea Toledon.