Politika -
Auzitegi Gorenaren epaia
Gorenak bertan behera utzi du ANk Itziar Alberdiri ezarritako zigorra
Auzitegi Nazionalak 119 urteko kartzela-zigorra ezarri zion pakete bidez lehergailu bat bidaltzeagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Gorenak balio gabe utzi du Auzitegi Nazionalak Itziar Alberdi Urangari ezarri zion 119 urteko kartzela-zigorra, 1991n hiru polizia hiltzeagatik. Polizia horiei ETAk Justizia Ministeriora bidalitako lehergailu batek eztanda egin zien.
Gorenak aintzat hartu du Alberdiren helegitea, eta, adierazten duenez, Auzitegi Nazionalaren aurtengo apirileko epaiak errugabetasun-presuntzioa urratzen du, ez baitago gertaeretan parte hartu izana ziurtatzen duen froga nahikorik.
Modu horretan, Alberdi errugabetu egin dute honako delitu hauetatik: atentatua, hilketa terrorista, hondamendia eragitea. Delitu horiek guztiak Madrilgo Villaverde auzoko industriagunea batean bonba pakete bat indargabetzen saiatzen ari ziren hiru poliziaren heriotzarekin lotuta zeuden.
Alberdi 2014ko otsailean estraditatu zuten Espainiara Puerto Vallartatik (Mexiko) bikotekidearekin batera, Juan Jesus Narvaez Goñi ETAkidea. Bertan bizi ziren euren seme-alabekin duela 22 urtetik.
Fiskaltzak Alberdiri leporatu zion, Joseba Urrusolo Sistiaga ETAkidearekin batera (gertaera horiengatik dagoeneko kondenatuta dagoena), Justizia Ministerioaren egoitzara lehergailu bat bidali izana, "bertan lan egiten zuten politikari edo kargu publikoei kalte pertsonalak eragiteko asmoz".
Paketea onartu gabe geratu zenez, mezularitza-enpresara itzuli zuten, eta bertan geratu zen biltegiratuta. Azkenik lehertu egin zen Tedaxeko agenteak hura indargabetzen saiatzen ari zirenean.