Politika -

Katalunia

Adierazpenaren eranskin bat erregistratu dute Junts Pel Sik eta CUPek

Etxebizitza, osasuna eta hezkuntza bezalako oinarrizko eskubideak "babestea" du helburu bi taldeek aurkeztutako testu osagarriak.

Turull (JxSi), Baños (CUP) eta Romeva (JxSi) eranskina erregistratzeko unean. EFE
Adierazpenaren eranskin bat erregistratu dute Junts Pel Sik eta CUPek

1:41

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts Pel Si (JxSi) eta CUP taldeek Kataluniako estatu independentea osatzeko prozesua abiatzeko adierazpenaren eranskin bat erregistratu dute gaur Parlamentuan, hainbat oinarrizko eskubide "babeste" aldera. Zehazki urriaren 27an aurkeztutako adierazpenaren zortzigarren puntuari erantsitako testua da gaurkoa, bertan pobrezia energetikoa, etxebizitza, osasuna eta hezkuntza bezalako eskubideak babestu beharrekoak direla azpimarratzen da.

Eranskina agiriarekin batera bozkatuko da, ziurrena astelehenean egingo duten osoko bilkuran.

Eranskinean ageri denez, Kataluniako herritarrek hainbat oinarrizko eskubide bermatuta edukiko dituzte. Hala nola,  oinarrizko energia-hornidura izateko eskubidea (pobrezia energetikoa kontzeptua), etxebizitza, osasuna eta hezkuntza eskubideak eta askatasun publikoaren eta tokian tokiko administrazioen  alorreko beste eskubide batzuk ere.

Horrez gain, beste herrialde batzuetatik etorritako errefuxiatu politikoen eskubideak edota emakumeek abortatzeko duten eskubidea bermatu behar direla ere jaso du testuak. Eranskinaren beste atal batean, CUPen oinarrizko aldarrikapen bat ageri da: pobreziaren kontrako egitasmo oso bat.

Adierazpenaren zortzigarren puntua bereziki polemikoa da, Kataluniako gobernuari Parlamentu "legitimo eta demokratiko honek emandako arau eta aginduak bakarrik betetzeko" deia egiten diolako.

"Independentzia eskubideak bermatzea da"

Jordi Turull Junts Pel Si talde parlamentarioko presidenteak azaldu duenez, "adierazpenaren zortzigarren puntua garatzen duen eranskin hau aurkeztu dugu gaur, Estutuak herritarren eskubideei eragingo dien balizko erabakiei aurre egiteko".

Turullen hitzetan, "agiri honek argi utzi du independentzia jendearen eskubideak bermatzea dela, jendea hobeto bizi dadin. Honetan bat egiten dugu eta horregatik sinatu dugu".

Antonio Baños CUPen talde parlamentarioko buruak ere antzeko adierazpenak egin ditu: "Gizakien oinarrizko eskubideak babestu nahi ditugu, Espainiako Estatuak horiek zapuzteko asmoa erakusten duen kasuetarako".

Osoko Bilkura, astelehenean, 10:00etan

Kataluniako parlamentuak gaur zehaztu duenez, astelehenean, 10:00etan, izango da Osoko Bilkura; Junts pel Sik eta CUPek independentzia prozesua abiarazteko adostutako adierazpena eztabaidatu eta bozkatuko da.

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak aurreratu duenez, astelehenean adierazpen independentista onartzen bada, Auzitegi Konstituzionalera joko du Rajoyren Exekutiboak, testuaren berehalako baliogabetzea eskatuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia