Politika -
Bilera
CUPek Forcadelli jakinarazi dio ez duela Masen inbestidura babestuko
"Iraganeko izenak atzean utzi ditugula erakusten duen adostasunezko izenak nahi ditugu", adierazi du Bañosek bileraren ostean.
agentziak |erredakzioa
CUPek Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidenteari jakinarazi dio ez duela Artur Mas Generalitatearen presidente izendatzearen aldeko botorik emango inbestidura saioan, Antonio Bañosek bileraren ostean azaldu duenez.
Forcadell bilera-sorta egiten ari da inbestidura saioaren inguruan alderdi politikoekin.
Baños Anna Gabriel diputatuarekin batera joan da batzarrera, eta berretsi du Parlamentuan dituzten 10 ordezkariek ez dutela Masen aldeko botorik emango, eta adostasun zabalagoa duen beste hautagairen bat aurkeztea espero duela: "Masi botoa ematearen eta prozesua etetearen artean tarte politiko handia dago guztiontzako onak diren irtenbideak bilatzeko".
"Iraganeko izenak atzean utzi ditugula erakusten duen adostasunezko izenak nahi ditugu", adierazi du Bañosek, proiektu politiko independentistak izen berriekin indar handiagoa izango duela azaldu aurretik.
Ordubete baino gehiago iraun duen bileran, Forcadelli presidente kargurako hautagai jakin baten izena proposatu dionik ukatu egin du Bañosek. Hauteskunde ondorengo negoziazioetan ezer zehatzik adostu ez duten arren, "akordiorako oinarri sendoak" ezarri dituztela ziurtatu du.
Masen hautagaitza aurkeztuko balitz, inbestidura saioan CUPek aurka bozkatuko duen edo abstenitu egingo den ez du argitu. Dena dela, horrek garrantzia gutxi duela nabarmendu du, bata ala bestea egin, Junts pel Siren hautagaitzak ez lukeelako behar adinako babesa izango.
"Kataluniako Gobernuaren ekimena defendatuko eta bultzatuko duen presidentea nahi dugu; ez autonomia kudeatuko duena, Errepublikaren sorrera bultzatuko duena baizik", esan du.