Politika -
Polizia operazioa
Mas, CDCren miaketaz: 'Ehiza nagusia egiten ari dira gure aurka'
Infraestructuras.cat enpresaren jardun "super gardena" defendatzeko agerraldia egiteko prest dagoela azpimarratu du Kataluniako jarduneko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
CDC bere alderdiaren eta alderdikideen defentsa sutsua egin du beste behin Artur Mas Kataluniako jarduneko presidente eta CDCko buruzagi nagusiak. Ustelkeriarekin lotuta, Bartzelonako egoitza miatu dutela eta, argi du Masek: "Ehiza nagusia egiten ari dira gure aurka".
Parlamentu berria osatzeko dekretuaren sinaduraren ostean egindako agerraldian egin ditu adierazpenok Masek. CDC alderdiko kideek ustez jasotako legez kanpoko komisioen inguruan zabaldutako ikerketaren harira azalpenak emateko prest dagoela, berriro, eta datorren astean hitz egingo duela horren inguruan iragarri du.
Infraestructuras.cat Generalitateak kudeatzen duen enpresaren egoitza ere miatzen ari direla baieztatu du jardunean dagoen presidenteak. "Guardia Zibilak nahi duena bila dezala, ez baitu Generalitatea estutasunean jarriko duen ezer aurkituko", esan du.
Hain zuzen, azpiegiturak kudeatzen dituen enpresa horren "super gardentasuna" nabarmendu du. Lanak esleitzerakoan kudeaketa guztiz gardena egin dela ziurtatu du Masek.