Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
CDCko diruzaina atxilotu dute, ustelkeriarekin lotuta
Petrum operazioaren jarraipenean, Andreu Viloca Serranoz gain, zazpi enpresaburu atxilotu dituzte, eta hainbat bulego miatu dituzte, tartean CDCren egoitza.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
CDCk Bartzelonan duen egoitza 12 orduz miatu du Guardia Zibilak, Andreu Viloca alderdi horretako diruzaina atxilotu ondoren. Operazio berean, Josep Antoni Rossell Generalitateko Azpiegitura Saileko zuzendari nagusia ere hartu dute preso. Herri-lanak esleitzearen truke, legez kanpoko komisioak (% 3koak) kobratzea egozten diete. "Petrum" operazioaren jarraipena da gaurko operazioa.
Kasuaren gertuko iturriek jakitera eman dutenez, beste zazpi enpresaburu ere atxilotu dituzte operazioan, eta CDCren eta hainbat enpresaren bulegoak miatzen ari dira. Vendrelleko 1 zenbakidun instrukzio epaitegiak eta ustelkeriaren aurkako bi fiskalek agindutako operazioa da.
"Petrum 2" izena jarri diote gaurko operazioari, eta CDCk enpresei legez kanpoko komisioak kobratu zizkien ikertzen ari da epailea.
Viloca aurrean dela ari dira miatzen CDCren egoitza. Etxean atxilotu dute diruzaina, goizeko lehen orduan, eta, ondoren, alderdiaren egoitza nagusira eraman du Guardia Zibilak.
11:00ak aldera ekin diote bulegoak miatzeari, Jose Grinda eta Fernando Bermejo ustelkeriaren kontrako fiskalak zuzenduta.
Filtrazioak
Miaketa hasi baino lehen, egoitzaren atarian zeuden hainbat hedabide, eta horrek areagotu egin du CDCren haserrea, aurretik ere filtratu izan delako beste operazio batzuen inguruko informazioa. Katalunian subiranotasunaren alde abiatutako prozesuaren aurka Estatuak abiatutako erasoa ikusten du CDCk operazio horren atzean.
Bestalde, alderdiko hainbat kidek gogor kritikatu dute Artur Masek Kataluniako Parlamentu berria osatzeko dekretua sinatuko duen egun berean izatea gaurko operazioa. Ez dute uste kasualitatea izan denik.
"Petrum" operazioa
Abuztuan ere, CDCren hainbat bulego eta Catdem Fundazioaren egoitza miatu zituen Guardia Zibilak, dokumentazio bila, alderdi horretako kideek legez kanpoko komisioak kobratu zituzten argitzeko.
Gaur preso hartutako enpresaburuei ere, herri-lanak esleitzearen truke, legez kanpoko ordainketak egitea leporatzen diete.
Operazio honetan atxilotutakoen artean Infraestructures.cat enpresako zuzendaria dago, Generalitateko herri-lanak kudeatzeaz arduratzen den enpresa publikoko zuzendaria, hain zuzen. Kataluniako Gobernuko Enpresa Departamenduko ordezkariak "harrituta" agertu dira atxiloketa horren aurrean, eta informazio gehiago izan arte ez dutela adierazpenik egingo esan dute.
Xavier Tauler Copisa enpresako kontseilari ordezkaria ere atxilotu dute gaurko operazioan, eta enpresa horren egoitza miatzen ari da Guardia Zibila, 10:00etatik. Operazioa zabalik dago, eta ez da atxiloketa gehiago egitea baztertzen.
Udaletan, miaketak
Hainbat udaletara ere sartu dira agenteak, dokumentazio bila; txosten ekonomikoak eta esleitutako hainbat lanen kontratuak dira susmopean daudenak, eta horiek eskuratu nahi ditu epaileak.
Besteak beste, Sant Fuitos del Bageseko (Bartzelona) Udala miatu dute; bertako kultur zentroaren eraikuntzaren inguruko dokumentazioaren bila sartu dira. CiU agintean zela egin zuen obra hori Soler Taldeak, 2009an.
Oloteko (Girona) Udalera ere sartu da Guardia Zibila; hondakinen kudeaketa zerbitzuaren esleipena da kasu honetan ikertu nahi dutena, eta horren inguruko txosten ekonomikoa hartu dute agenteek, 2011koa, hori ere CiUren agindupean egindakoa.