Politika -
Diputatuen Kongresua
Cuadra Kongresuko tribunatik bota dute, egindakoa ez zuzentzeagatik
Amaiurreko diputatuak espero du "zentzu ona gailentzea" eta "hooligans konstituzionalistek" eskatzen dituzten zigorrak ez ezartzea.
agentziak | erredakzioa
Jesus Posada Diputatuen Kongresuko presidenteak tribunatik bota du Sabino Cuadra Amaiurreko diputatua, horrek duela aste pare bat Konstituzioari bi orri kenduta "irain" egin ondoren, egindakoa ez zuzentzeagatik.
Auzitegi Konstituzionala erreformatzeko zuzenketen eztabaida egiten ari dira gaur, eta aurrekoan egin zuen hori Amaiurreko diputatuak. Cuadrak gaurkoan tribunatik azaldu duenez, Konstituzioaren ale bat apurtzea ez da iraina, eta, beraz, ez du ezer zuzendu behar.
Posadak, aldiz, Mahaiaren ebazpen baten babesa du. Ebazpen horretan, barkamena eskatzea exijitzen zaio Cuadrari, bere kontrako neurriak har ez ditzaten, eta horixe eskatu dio Posadak gaur. Cuadrak barkamena eskatzeari uko egin dionean, Posadak egotzi egin du tribunatik.
Cuadra, "zentzu ona gailenduko" delakoan
Ganberatik irten eta gero adierazpenak egin ditu Cuadrak. Nabarmendu duenez, espero du azkenean "zentzu ona gailentzea" eta "hooligans konstituzionalistek" zigorrak eskatzeari uztea.
Konstituzioaren orri batzuk kentzean bere hitzaldia "indartu" nahi zuela azaldu du Amaiurreko diputatuak, ez, ordea "inori irain egitea".
Hori da, hain justu, tribunatik jaitsi baino lehen erabili duen argudioa: "Hemen ez da inolako irainik izan, beraz, ez dugu ezer zuzendu behar. Gure asmoa ez da izan inor iraintzea, baizik eta adierazpen askatasun hutsa", esan du.
Amaiurreko diputatuak azaldu duenez, Espainiaren batasuna eta subiranotasun nazionala ezin direla desegin eta Armadak horiek babesteko duen ardura jasotzen duten orriak kendu zituen.
Horren aurrean, Cuadrak salatu du ez dela iraintzat hartzen PPk eta PSOEk Konstituzioaren orri asko "kendu" izana, lana eta etxebizitza izateko eskubidea jasotzen dutenak, besteak beste.
"Hau ez da zuzenbide estatua, estatu errefusa da", kritikatu du Cuadrak. Izan ere, diputatu abertzaleak uste du "kartak markatuta" daudela Konstituzioan, eta "bota" egin behar dela berria egiteko.
Gainera, Cuadrak gogor kritikatu du gaur eztabaidatzen ari diren Auzitegi Konstituzionalaren Erreforma, kataluniarren independentzia nahiaren gainetik pasatu nahi dutelako.
"Kataluniako hauteskundeetan hondoa jo duzue, eta, hala ere, hor jarraitzen duzue, lege tranpatiak inposatu nahian, botoen bitartez lortu ez duzuena trukatutako auzitegien bitartez lortu nahian", salatu du Amaiurreko diputatuak, PPk eta PSOEk sustatzen dituzten legeak "Volkswagen baino kutsatuago" daudela azpimarratu aurretik.
UPyDk zigorra eskatu du
Aitor Esteban EAJren bozeramailea igo da tribunara Amaiurreko diputatuaren ostean. Jeltzalearen arabera, ulertzekoa da protesta batzuek min egin dezaketela, baina "penagarri" iritzi dio Konstituzioak iritzi eta keinu guztiak ez onartzeari, "gustu txarrekoak izanda ere".
Rosa Diez UPyDren diputatuak, berriz, neurri gogorragoak eskatu dizkio Posadari; diputatu izaera hilabete batez kentzeko, adibidez.