Politika -
MASEN INPUTAZIOA
Mas 'orain, eta ez kanpainan' inputatzea egoki ikusten du Fiskaltzak
Kataluniako Fiskaltza Nagusiak, ohar baten bidez, adierazi du azaroaren 9ko galdeketa ikertzen ari den epaileak Artur Mas hauteskunde kanpaina bete betean inputatzea ez litzakeela 'zentzuzkoa' izango.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Artur Mas Generalitateko jarduneko presidentea "orain, eta ez kanpainan" inputatzea "egoki" ikusten du Kataluniako Fiskaltza Nagusiak. Azaroaren 9ko galdeketa ikertzen ari den epaileak Mas hauteskunde kanpaina bete betean deklaratzera deitu izan balu, ez litzateke "zentzuduna" izango, Fiskaltzaren iritzian. Hala, "errespetuz" hartu du Masen inputazioa irailaren 27ko hauteskundeak igarota etorri izana.
Agiri baten bidez, Kataluniako Fiskaltza Nagusiak nabarmendu du epaileak Masi deklaratzera joateko jarritako egunaren atzean "asmo politikoa" dagoela esatea, Botere Judizialaren independentziari eta zentzuari eraso egitea dela. "Inputazioa Estatuko beste botereen presioekin edota konnotazio historikoekin lotzea Botere Judizialaren independentziari eraso egitea da", esan du. Lluis Companys Kataluniako presidente ohia tropa frankistek fusilatu zutela 75 urte betetzen diren egunean deklaratu beharko du Masek.
Ikertzen ari diren ekintzaren inguruko frogak biltzeko behar duten denbora egokiaren arabera ezarri du epaileak Masen deklarazio eguna, eta, bide batez, hauteskunde prozesua errespetatu du, agirian jasotzen denez.