Politika -

Politika orokorreko eztabaida

Urkulluren hitzaldia 'zehaztugabea', oposizioaren arabera

EH Bilduk kritikatu egin du Katalunia aipatu ez izana, PSE-EEk eta PPk autogobernuaren auzia hartu dute ahotan, eta "ezer gutxi zehaztu du", UPyDren ustez.

Oposizioak arratsaldean defendatuko dituzten argudioak aurreratu ditu. EFE
Oposizioa, oso kritiko lehendakariarekin

1:32

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Zehaztugabea' eta 'aurreikusteko modukoa'. Hitzok erabili dituzte gaur oposizioko taldeek Eusko Legebiltzarrean, Politika Orokorreko Eztabaidan, Iñigo Urkullu lehendakariak egindako hitzaldiari buruz iritzia emateko. Taldeek Legebiltzarreko korridoreetan egin dute lehen balorazioa. Oposizioa kritiko agertu da; EAJk, aldiz, Urkulluren adierazpenak babestu ditu.

Arratsaldeko saioan agertuko duten jarrera aurreratu dute, horrenbestez, oposizioko taldeek.

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidea bereziki kritiko agertu da lehendakariarekin, "gobernu apalaren eta gestore soilaren papera" defendatu duelako eta "Estatuari begira" dagoelako.

Koalizioaren bozeramaileak salatu duenez, Urkulluk ez dio Kataluniako aferari eta erabakitzeko eskubidearen eztabaidari aipamen bat ere egin, "egungo egoera politikoa baldintzatzen" ari badira ere.

Urruzunoren ustez, "euskal gizarteak Madrili aurre egingo dion gobernu bat nahi du, erabakitzeko eskubidea garatuko duena eta herri honi bere etorkizunari buruz erabakitzeko aukera emango diona". Hori egin ordez, lehendakariak aldebikotasuna defendatu du "ezer adostu eta negoziatu nahi ez duen" Espainiako Gobernu batekin, deitoratu du Urruzunok.

PSE-EE: "Aurreikusteko modukoa"

Jose Antonio Pastor ere kritiko azaldu da lehendakariaren adierazpenekin. Horren ustez, lehendakariak "ez du sorpresarik eman eta aurreikusteko moduko hitzaldia egin du". Buruzagi sozialistaren aburuz, "proposamen bakarren bat" aurreratu du Urkulluk, baina "kontzeptu orokorrak eta zehaztugabeak" erabiliz.

Bakeari eta bizikidetzari dagokienez, Urkulluk esandakoarekin "oso ados" dagoela aitortu du Pastorrek, baina hitzetatik ekintzetara pasatzen denean, EAJk kale egiten duela erantsi du. "Egiten dutenaren erabat kontra nago", adierazi du.

Autogobernuaren auzian, "nahiko zuhur" agertu da Urkullu, buruzagi sozialistaren ustez. Dena den, jeltzaleak "liskarraren erdi-erdian" egongo direla esan du.

PP: 'Pobrea eta etsigarria"

Borja Semper PPko bozeramailearen ustez, ordea, lehendakariak autogobernuaren inguruan esandakoa "pobrea eta etsigarria" izan da. "Ez du azaldu zelan zabaldu nahi duen autogobernu maila, ezta horrek zer esan nahi duen ere".

"Gure autogobernuaren ahalmena Ferrari bat da, eta lehendakariak 600 bat bailitzan gidatzen du", kritikatu du.

Bakeari eta bizikidetzari dagokienez, "ETArenak egin du", nabarmendu du Semperrek. "Jaurlaritzak kalkulu politikoak egiteari eta ETAren azkenean protagonismoa bilatzeari utzi beharko lioke", buruzagi popularraren esanetan.

Herritarrengandik urrun, UPyDren ustez

Autogobernurako eta Euskadiren estatus politikoa aldatzeko dituen asmoak "ez zehaztea" egotzi dio Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak Urkulluri.

"Kartak ezkutatu dituen arren", lehendakariaren alderdia (EAJ) "independentziaren aldekoa" da, eta, beraz, Urkulluren asmoa "Estatuaren ahultasunenei probetxu aterata, denon etxean eta kutxan lapurreta egitea da", Maneiroren esanetan.

UPyDko kideak salatu duenez, krisiak jotako "milaka herritarrei" eragiten dieten arazoen aurrean "entzungor" jarraitzen du Urkulluk. Horren ustez, Urkulluk egoera ekonomia "arrosaz margotu du" eta "krisia gaindituta dugula nabarmendu".

EAJ, Urkulluren defentsan

Joseba Egibar EAJren bozeramaileak txalotu egin du Urkulluren hitzaldia, eta autogobernuaren alorrean "indartsu datorren gobernu baten bidaia orria berretsi" duela agertu du.

Egibarrek azaldu duenez, lehendakariaren proposamenak "Estatutuaren eta Konstituzioaren ainguratze juridiko-politikoak" ditu oinarri.

Bakegintzaren alorrean, Eusko Legebiltzarreko lantaldean "blokeoa" dagoela aitortu du, baina Bake eta Bizikidetzarako Zuzendaritzak proposatutako planak goraipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPyD Azken albisteak Urkullu Eusko Legebiltzarra bideoak PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak