Politika -
Politika orokorreko eztabaida
'Autogobernura bidean Estatuarekin itun adostu baten alde egiten dut'
Lehendakariaren hitzetan, itun oro bi zutabetan oinarritzen da: 'elkarrekiko onespenean eta aldebikotasunean'. 'Nazio forala errespetatuz', itun berria eskatu du.
EITB.EUS
Urte politikoari hasiera emango dion Politika Orokorreko Eztabaida 09:30ean hasi da, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin.
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ireki du saioa, aurkezpen lanak egin eta Urkulluri hitza emanaz. Gehienez bi ordu izan ditu lehendakariak azalpenak emateko, eta ekonomian, bakegintzan eta autogobernuan oinarritu du hitzaldia. "Gure aktiboak dira erakundeen egonkortasuna, susperraldi ekonomikoaren hasiera, bai eta bakea eta bizikidetza finkatzeko bidean aurrera egitea ere", esan du.
Autogobernua
Euskal autogobernua sendotzeko eta Euskadik jada aitortuta dituen eskumenak zabaltzeko, Estatu Espainiarrarekin itun berri bat adostearen alde agertu da Urkullu. "Autogobernuari dagokionez, etorkizuna diseinatzeko garaian planteamendu adostu eta integratzaile batean oinarritzearen alde egiten dut", zehaztu du. "Nazio forala errespetatuz", itun berria eskatu du.
Lehendakariaren hitzetan, itun oro bi zutabetan oinarritzen da: "elkarrekiko onespenean eta aldebikotasunean". Alde biek elkar onartu ezean, ez dela itunik gaineratu du. "Aldebikotasunak aldebakartasuna ukatzea dakar. Aldebakartasunak borondateak biltzea baliogabetzen du", esan du.
Euskadiren autogobernua bultzatzeko bidean, Gernikako Estatutua onartu zeneko "akordiorako borondatea eta espiritua" errekuperatzearen beharra azpimarratu du Urkulluk.
Orain arte eskuratutako eskumenak aintzat hartuta eraiki behar da etorkizuna, horren ustez. Etorkizun berri bat eraikitzeak ez du esan nahi, Urkulluren aburuz, heldulekurik gabeko eraikin bat eraikitzea. Euskadik azken 35 urteotan eraikitako errealitatea oinarri hartuta egin behar du aurrera, horren iritzian.
"Elkarrizketa, negoziazioa, akordioa eta berrespena" dira, lehendakariaren aburuz, autogobernua sendotzeko eman beharreko pausoak; izan ere, "akordioaren eta itunaren bidez lortuko dugu gizarte bidezkoagoa eta demokratikoa eratzea".
"Konpromiso horrek esan nahi du ez direla ez alde batekoen ez beste aldekoen postulatuak bide bakarretik inposatu behar; ez nireak ez beste inorenak. Nire proposamenean aurrera egiteko ezinbesteko osagai dira negoziazioa eta akordioa. Adostutako konponbideak euskal gizartearen gehiengoak berretsi beharko ditu, betiere etorkizun politikoa libreki eta demokratikoki erabakitzeko ahalmenaren adierazpen den aldetik", nabarmendu du.
Nazio izaeraren aitortza lortzeko iturburua bide horretatik etorriko dela uste du lehendakariak. Horrela, "Europa sendoago eta zabalago baten barruan Euskadi eraikitzen jarraitzea posible da", adierazi du.
Premiazko egitekotzat jo du Urkulluk Estatuarekin akordioa ixtea, azkenaldian Espainiako Gobernua ezartzen ari den "lege erasotzaileen aurrean", 1979ko Estatutuak aitortutako eskumenak errespetatu gabe.
Ituna erdiesteko, Euskadiren "berezitasunei" ahalik eta etenik gehien ateratzearen alde agertu da. Urkulluren irudikoz, EAEren izaera bereziak bide ematen du Estatuarekin akordio zabalak lotzeko eta herritarren onespena izango luketen erabaki politikoak hartzeko.
Bakea eta bizikidetza
"Euskal gizarteak espero du indarkeriaren amaiera antolatua eta bizikidetzaren printzipio berritzailea lehenbailehen lortzen lagunduko dugula". Hitz horiekin hasi du bakeari eta bizikidetzari eskaini dion tartea.
Lehendakariak onartu du "alderdien arteko gorabeherak areagotu izana eta Bake eta Bizikidetzako Batzordea blokeatzea" ez direla lagungarri izan, eta "zeharkako adostasun politikoak eratzeko aukerak neutralizatu" dituztela.
Bakea eta bizikidetza lortzeko eta horren alde lan egiteko konpromiso irmoari eusten diola nabarmendu du. Bide horretan, ETAren armagabetzea ahalbidetuko duten urratsak emateko prest agertu da, eta arriskuak bere gain hartuko dituela esan du.
"Indarkeriaren amaiera antolatuari dagokionez, hiru alderdiren inguruan blokeoa dago: desarmea, presoak eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoa. Desarme-prozesu bat eta behin betiko desagertu dadila eskatzen diogu ETAri, modu itzulezinean, baldintzarik gabe, guztiz eta modu egiaztagarrian", zehaztu du.
Bide horretan, espetxe politika berri baten alde lanean ari direla esan du, "lege eta giza printzipioetan oinarrituz, normaltasun penala eta espetxe normaltasuna lortzeko, birgizarteratzera eta bizikidetzara xedatua".
Zigor eta espetxe arloetako politikaren "proposamen berria" aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, Urkulluk aurreratu duenez. Zuzen Bidean eta Hitzeman programetan oinarritutako proposamena izango da.
Ezker abertzaleari zuzenduta, "presoei banakako espetxe onurak baliatzea eta birsozializatzeko bide legalak igarotzea ukatzen dien beto kolektiboa altxatu dadila", esan du.
Biktimen politika publikoekin aurrera jarraituko dutela ere esan du, eta hainbat programa sustatuko dituztela. "Batera konpromisoa garatuko dugu, biktimen politikek etorkizunera ere begira dezaten, eta biktimen eta gizartearen arteko lotura sustatzearren", gaineratu du.
'Kalitatezko enplegua'
Ekonomiari dagokionez, "baikorrago" izateko arrazoiak izan baditugula esan du, "betiere errealismoan oinarrituta". Euskadin Barne Produktu Gordina aurten % 2,5 handituko dela aurreikusi du lehendakariak, eta enplegua % 1,6, lanaldi osoko lanpostuei dagokienez. "2016. urtean hazkundea % 2,5 izango da, eta enplegu-sorrerak % 1,7 egingo du gora. Egungo baldintzei eutsiz gero, langabeziaren tasa % 13tik behera iristea lortuko genuke", nabarmendu du.
Urkulluren hitzetan, kalitatezko enplegua da duintasunaren eta gizarte kohesioaren sorburu nagusia. "Langabezia jaisten" ari den arren, oraindik 155.000 lagun daudela Lanbiden izena emanda gogoratu du. "Guztiei erantzuna ematea da gure lehentasuna", esan du.
Horren harira, duela bi urte PSE-EEk eta EAJk adostutako Susperraldi Ekonomikoaren eta Enpleguaren aldeko Plana azpimarratu du. Plan horrek "6.475 milioi euro mobilizatuko ditu", horren hitzetan, "aurrekontu-baliabideak eta abalak barnean hartuta". Ekonomia dinamizatzea eta 32.000 lanpostu sortzea dira xede nagusiak Urkullurentzat.Planaren lehen emaitzak, jada, mahai gainean daudela adierazi du. Bi urteko epean 4.300 milioi euro bideratuko dituzte hainbat programatara, eta, ondorioz, enplegua aktibatzea eta 22.800 lanpostu sortzea espero dute.
Eusko Jaurlaritza 2016rako prestatzen ari den aurrekontuan, enplegua sustatzeko planek leku berezia izango dutela aurreratu du. Hala, Lehen Aukera programara zuzendutako diru-kopurua % 50 haztea proposatuko dute, gazteen lehen enplegua "praktika kontratuen bidez" ahalbidetzeko.
Ongizateari dagokionez, orain arteko bideari eutsiko diotela esan du Urkulluk. "Ez dugu urrats bat atzera egingo", nabarmendu du.