Politika -
PPren udako eskolaren itxiera
I27arekin 'sezesionistek irekitako zauriak' itxi nahi ditu Rajoyk
Espainia errefuxiatuekin solidarioa izango dela agindu du. "Europak asilo eta immigrazio politika globala izan behar du, zentzuzkoa, eta arau batzuei lotuta’’, gaineratu du.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak espero du irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeek ''normaltasun'' garai bat ekartzea, eta, horrekin, ''lehengo sezesionistek eta sezesionista berriek irekitako zauriak ixtea''.
''Katalunia Espainia eta Europa izaten jarraitzea nahi dugu'', esan du Rajoyk, PPren udako eskolaren itxiera ekitaldian. ''Eta guk bai nahi dugu, aho betean'', gaineratu du, PSCri zuzenduta.
Hitzaldian zehar, Rajoyk azpimarratu du krisitik ateratzeko beharrezkoa dela erkidegoek ''ziurtasuna'' eskaintzea, eta ez arazoak; horri lotuta, baikortasunez hitz egin du egoera ekonomikoaz, baina ohar bat ere plazaratu du: ''Ekindako bideari jarraitu behar diogu. Gauzak ondo egiten baldin baditugu hazkunde ekonomiko garai berri bat izan dezakegu'', aurreratu du.
Errefuxiatuen krisia
Bestalde, Rajoyk agindu du Espainia errefuxiatuekin solidarioa izango dela. "Europak asilo eta immigrazio politika globala izan behar du, zentzuzkoa, eta arau batzuei lotuta'', gaineratu du.
Espainiako presidentearen hitzetan, politika horren ''lan egiten duten pertsonak eta legea betetzen duten pertsonak'' integratu behar ditu, Europa ''berezkotzat'' sentitu dezaten.
Horrez gain, gaineratu du Estatuko gainerako administrazioekin jorratuko duela errefuxiatuen krisia, eta horretarako erkidegoak eta tokiko erakundeak deituko ditu, ''politika global'' bat bateratzeko.