Politika -
Erreakzioak
Oposizioa PPren proposamenaren aurka agertu da
EAJrentzat PPren 'lardaskeria eta burugabekeria' da; Amaiurren esanetan, PPk "trenen talka" nahiago du, elkarrizketa baino; PSOEerentzat erreforma 'ez da premiazkoa'.
Aitor Esteban EAJko Diputatuen Kongresuko bozeramailearentzat Alderdi Popularraren Auzitegi Konstituzionalaren proposamena 'lardaskeria eta burugabekeria' da.
Estebanek adierazi duenez, PP da 'Auzitegi Konstituzionaleko ebazpenenak hausten txapelduna'. Zentzu horretan nabarmendu du, Rajoyren Gobernuak 'ispiluan begiratu beharko luke bere burua' bete ez diren sententziez hitz egin aurretik.
Aitor Estebanen esanetan, erreforma hau zabaltzea 'legegintza-lardaskeria eta zapalketa' bat da, batez ere, lege proposamen moduan planteatu duelako eta ez Gobernu lege proiektu bezala.
Geroa Bai
Bixente Serrano Izko Geroa Bairen Kongresuko diputatuaren iritzian, Alderdi Popularrak "errealitatea eta legalitatea nahasten ditu" eta "boto-kutxek eragindako beldurrak bultzatuta jarduten du".
Serrano Izkok kritikatu egin du Xavier Garcia Albiol PPren hautagaiek "txantxetan hartzea Kataluniako prozesua" eta, adierazi duenez, popularrek "harropuzkeria gutxiagorekin aurre egin beharko liokete aferari, eta ikasgaiak atera orain arte egindako ibilbidea ikusita, immobilismoak eta epaitegietara jotzeak, desadostasunak konpondu beharrean, areagotu egin dute".
Amaiur
Alberto Unamunzaga Amaiurreko senatariaren hitzetan, PPren proposamena "inposaketaren eta -katalanen- eskubideen ukapenaren" apustua da.
Kongresuan egindako adierazpenetan, Unamunzagak esan du PPk "trenen talka" nahiago duela, elkarrizketaren eta "gizarte katalanak hautetsontzietan agertuko duen borondatearen" errespetua baino.
PSOE
Patxi Lopez PSOEko gizarte eta ekintza sozialeko idazkariak PP instituzioak 'modu alderdikoian erabiltzea' kritikatu du, eta 'desleialtasun eta arduragabekeria' egotzi dio. Balorazioa egin ostean, bere alderdiak, esan du, ez du erreforma babestuko.
Patxi Lopezen iritziz, Auzigegi Konstituzionalak zuzentzen duen legea sistema demokratikoaren oinarria da, eta PPren proposamena 'irregulartasun legalak' dakartza.
Sozialistaren iritziz, PPk hauteskunde kanpaina egin nahi du Katalunian, batez ere, kontuan izanda proposamenaren aurkezpena Xavier García Albiol PPko Kataluniako hautagaiak egin duela.