Politika -
Estatuko 2016ko aurrekontuak
Talde guztiek aurkeztu dizkiete osoko zuzenketak kontuei, UPNk salbu
EAJk uste du euskal Y-ri zuzendutako zenbatekoa ez dela nahikoa; Amaiurren hitzetan, "krisira eraman gintuzten politiken espirituari eusten diote'' 2016ko kontuek.
Agentziak | Erredakzioa
UPN kenduta, oposizioko talde guztiek aurkeztu diete osoko zuzenketa 2016ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei. Besteak beste, '''elektoralista eta insolidario'' gisa definitu dute oposizioko taldeek datorren urteko kontuen proiektua.
Behin aurkeztuta, abuztuaren 25ean eta 26an eztabaidatuko dituzte Kongresuan. Hain justu, tramitazioa abuztuan egiteak oposizioko taldeak haserrarazi ditu, normalean urrian izaten baita prozesu hau. Rajoyren gobernuak, baina, hauteskunde orokorrak deitu aurretik (ganberak desegin behar dira horretarako) onartuta nahi ditu aurrekontuok.
Hauteskundeei begira egindakoak izateaz gain, aurrekontuok "erabat antisozialak" direla uste dute oposizioko taldeek. EAEko eta Nafarroako alderdiek, gainera, euren lurraldeei bizkar ematen dietela uste dute, eta "hauteskundeei begira egindakoak direla eta herritarren benetako beharrizanei erantzuten ez dietela" salatu dute.
Kontrako argudioak
Pedro Azpiazu EAJk Kongresuan ekonomia gaietarako duen bozeramaileak azaldu duenez, EAEko inbertsio estrategikoetarako partida eskasak aurreikusi ditu Rajoyren gobernuak. Horren ildoan, jeltzaleak adierazi du euskal Y-ri zuzendutako zenbatekoa ez dela nahikoa lanak 2019an bukatzeko. Horrez gain, kontuak ondo zehaztu gabe daudela kritikatu du. ''Oraindik ez daukagu behar adina informazio beharrezkoak diren bermeak izateko'', azaldu du.
Talde Mistoko alderdiek (Amaiur eta Geroa Bai tartean) hauteskunde kutsuko aurrekontuak direla salatu dute, eta langile eta klase ertainak bereziki zigortzen dituztela.
Rafael Larreina Amaiurreko diputatuaren aburuz, "krisiak gogorren jotako herritarrei bizkar ematen diete" aurrekontuek. "Krisira eraman gintuzten politiken espirituari eusten diote eta ez dute aukerarik ematen Euskal herrian eredu ekonomiko eta sozial berri bat martxan jartzeko''. "Elitezko populismoaren alde egin du Gobernuak. Enpresa handiei, funtzionarioei eta krisiarekin gutxien sufritu dutenei begira egindakoak dira, eta bizkar ematen diete krisiak gogorren jotakoei", erantsi du.
Bixente Serrano Izko Geroa Baik Kongresuan duen bozemaileak salatu duenez, aurrekontuok "errealitatetik urrun daude. Diru-sarrerak erabat puztuta daude, eta hauteskundeei eta PPren interesei begira egindakoak dira; ez diete herritarren beharrizanei erantzuten". Ohar baten bidez azaldu duenez, "Nafarroa bereziki zigortzen dute aurrekontuok, gutxien inbertitzen den erkidegoetako bat delako foru erkidegoa".
PSOEk kontuak atzera itzultzea eskatu du, Rajoyk herritarren aurrean ''aurpegia eman'' dezan, Antonio Hernando sozialisten bozeramaileak adierazi duenez.
Izquierda Pluraleko Ricardo Sixtok, bestalde, esan du aurrekontuok ez direla espainiarren gehiengoak behar dituenak, ''Merkeli, merkatuei eta troikari'' gustatuko litzaizkiekeenak baino
CDC eta UDC ere kontra azaldu dira, eta elektoralistatzat jo dituzte. ''Ez dute izaera sozialik eta Kataluniari kalte egiten diote'', salatu dute.
UPyDko ordezkariaren arabera, ''hilzorian'' dagoen Gobernu baten aurrekontuak dira,
Dena ondo bidean, urriaren 22rako onartuta egongo dira 2016ko Aurrekontu Orokorrak.