Politika -
Konstituzioaren erreforma
Rajoy: 'Ez dugu inoiz onartuko Espainiaren batasuna haustea'
"Espainiak zer izan behar duen espainiarrek erabakiko dute, ez zati batek", azpimarratu du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoyk adierazi du ez dela Konstituzioaren erreformaz eztabaidatzeko unerik egokiena, "legegintzaldia amaitzear dagoelako", baina Alderdi Popularrak Konstituzioaren oinarriak babestuko ditu beti, horren hitzetan.
Josep Antoni Duran i Lleidak atzo esandakoaren harira egindako adierazpenak izan dira Rajoyrenak. Unioko buruzagiak esan zuen Konstituzioaren zortzigarren titulua aldatzea beharrezkoa dela subiranotasunaren auzia konpontzeko, eta, ildo horretan, "Kataluniaren identitatea aitortuko duen xedapen gehigarri bat" gehitzearen alde egin zuen.
Espainiako Gobernuko presidentearen ustez, Konstituzioaren erreforma "gai zaila eta labaina" da. "Zer egin nahi den jakin behar dugu lehendabizi, eztabaidatzeko momentua aukeratu eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko", azaldu du.
"Orain ez da momentua, legegintzaldiaren bukaera gaudelako eta akordio zabal batera heltzeko aukerarik ez dagoelako", horren iritzian, baina hurrengo agintaldian erreformari buruz hitz egiteko prest agertu da.
Hori bai, bera presidente den bitartean "Gobernuak ez du subiranotasun nazionalaren likidazioaz hitz egingo; izan ere, Espainiak zer izan behar duen espainiarrek erabakiko dute, ez zati batek", azpimarratu du.
"Ez dut onartuko Espainiaren batasuna zalantzan jartzerik. Hortik aurrera, hitz egin dezakegu, baina hurrengo legealdian. Orain espekulatzeak ez du zentzurik", erantsi du.
Hala eta guztiz ere, "Alderdi Popularrak ez du inoiz Espainiaren batasuna haustea ekarriko duen erreformarik onartuko", gaineratu du.