Politika -

Konstituzioaren erreforma

Generalitateak ez du uste konstituzio-erreformarik egongo denik

Gobernuak etorkizunean Konstituzioa aldatzeko borondatea daukala azaldu zuen ostegunean Justizia ministroak. Gaur bertan, eztabaida ''besterik gabe'' irekitzearen kontra azaldu da PP bera.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Meritxell Borras Kataluniako Generalitateko Gobernazio kontseilariak bere zalantzak plazaratu ditu gaur Konstituzioa Erreformatzeko Gobernuak duen borondatea dela-eta, "ez dakit adierazpen horiek arreta desbideratzeko ahalegina diren edota seguru berandu heltzen den proposamen hutsa besterik ez".

Rafael Catalá Justizia ministroak atzo azaldu zuenez, Gobernuak badauka borondatea etorkizunean Konstituzioa aldatzeko; hori bai kasu zehatzetarako izango litzateke, besteak beste, Estatuak eta Autonomia Erkidegoek dituzten eskumenen mugaketa jorratzeko.

RAC1 irrati-etxeari egindako adierazpenetan, Borrasek zehaztu du "agian gehiago dela kontu horri etengabe bueltak ematen ibiltzeko gogoa, benetan ezer egiteko asmoa izan ordez. Alderdi politikoek, (Generalitateko) presidenteak edota herritarrek eskaeraren bat egin dutenean eman duten erantzuna beti ezezkoa izan da".

Irailaren 27ko Kataluniako hauteskundeen deialdiak eta joan zen azaroaren 9ko kontsultarenak duten ustezko antzekotasunari buruz galdetu diotenean, kontseilariak adierazi du informaziozko jakinarazpena dela "musika bera da, baina gauza arraroak ikusi nahi dituenak ikus ditzala. Gobernuaren oztopoak etengabe ikusi ditugu, eta ez litzateke albiste izango".

Meritxell Borrasek ziurtatu duenaren arabera, Kataluniako Gobernua oso arduratsu ari da jokatzen hauteskunde autonomikoen legezkotasunaren gainean. "Ez dugu sartu behar Gobernuak ez dakit zer erabaki hartuko duen jokoan", gaineratu du.

Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiaren aburuz, ''eskandalu bat da'' konstituzioaren erreforma. Dionez, erreforma horren bidez ''Estatuaren berzentralizazioa bultzatu nahi da eta haren eskumenak blindatu''.

Erreakzioak PPn bertan

Alderdi Popularrak, bestalde, ostiral honetan esan du Konstituzioaren erreformaren eztabaida ''besterik gabe'' irekitzeak aitzakia eskaintzen diela berau ''suntsitu'' nahi dutenei. Javier Maroto PPko Esparru idazkariordeak adierazi du ziur dagoela Alderdi Popularreko zuzendaritzak ''inork'' ez duela hori erraztu nahi, ezta Justizia ministroak ere.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako Hauteskundeak gaur