Politika -
I-27
Saenz de Santamariak, Artur Masi: 'Gobernua zelatan izango da'
Xavier Garcia Albiol PPCren Generalitaterako presidentegaia ziur agertu da hauteskundeetan mobilizazio handia izanez gero, independentziaren aurkako alderdiek irabaziko dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Soraya Saenz de Santamariak Gobernuko presidenteordeak Artur Mas Generalitateko presidenteari gogorarazi egin dio gaur Legeak baino ez diola "zilegitasuna" ematen Kataluniako Parlamentua desegiteko eta hauteskunde autonomikoak deitzeko. Hori esan eta gero, ohartarazi du Mariano Rajoyren Gobernua "zelatan" egongo dela eta, jarduneko presidentea den heinean, Masek "neutraltasuna errespetatu behar du".
"Legea errespetatzea eta neutraltasuna eskatzen dut. Gutxienez Kataluniako herritarren borondatea errespetatu behar da", esan d Saenz de Santamariak Moncloa Jauregian egindako prentsaurreko batean.
Gobernu espainiarraren bozeramaleak "neutraltasuna" aldarrikatu du, hori baita Artur Masek kontuan hartzen ez dituenen "iritzia errespetatzea". "Generalitatetik hiritar guztiak errespetatu egin behar dira, agerian ez bada ere, guztiengan agintzen du eta", azpimarratu du.
PPC
Xavier García Albiol PPCren Generalitaterako presidentegaiaren esanetan, nahiz eta irailaren 27ko hauteskundeetan independentziaren aldeko hautagaitza garaile izan, argi eta garbi, "hurrengo egunean, Kataluniak Espainia izaten jarraituko luke".
Catalunya Radion egindako elkarrizketa batean, Garcia Albiolek zera esan du independentisten balizko garaipen baten inguruan: "Azkenean, independentziaren aldekoek argi irabaziko balute, ez dut uste, ez dakit zer gertatuko litzateke, baina uste dut arazoa haiek izango dutela, biharamunean Kataluniak Espainia izaten jarraituko luke eta".
Horren ildotik, independentistek irabaziz gero, Garcia Albiolek ez du uste independentzia aldebakarrez adieraziko luketenik, "autobide batean kontrako noranzkoan jartzea bezala litzatekeelako".
Aldiz, PPCren hautagaia ziur agertu da hauteskundeetan mobilizazio handia izanez gero, independentziaren aurkako alderdiek irabaziko dutela eta "benetan uste dut 27an, gauean, boto-kutxak zabaldu eta botoak zenbatzen hasten garenean, ezustekoa izango dela".
Gainera, Garcia Albiolen esanetan, Kataluniak ez dauka finantzazio nahikorik eta "egoera ekonomikoak ahalbidetzen duenean, bizi dugun susperraldia egonkortzen denean, orduan ni izango naiz lehena Espainiako Gobernuari eskatzen Kataluniak behar duena, bestera ezin zitekeen".
Ciutadans
Albert Rivera Ciutadansen buruak abisatu duenez, irailaren 27ko hauteskundeak Artur Masen "burutapena" dira, kataluniarrek "ustelkeria, murrizketak eta Pujol auzia" ahaztu dezaten, baina C's-ek aukeratzat jotzen ditu.
Masek deialdia sinatuko duen egunean, Riverak esan du, Eferen kazetarien aurrean, I27a "Masen burutapena" dela, "kataluniarrok amnesia izan dezagun eta ustelkeria, CDCren egoitza miatuak, Pujol auzia, zerga igoera edo osasunean, hezkuntzan eta politika sozialetan egindako murrizketak ahantz ditzagun".
"Ez zait bururatzen modu makiavelikoagorik hauteskundeetara aurkezteko, beste hautagai bat ipinia", kritikatu du Riverak -Mas bere zerrendako laugarren postuan doalako", eta, horrela, "adarra jotzen saiatu" direla salatu du.
PSC
Miquel Iceta PSCren idazkari nagusiak, bestalde, irailaren 27ko hauteskundeen deialdiaren inguruko "sekretismoa" kritikatu du. Bere ustean, Artur Masen "beste porrot" bat izango dira.