Politika -

Ministroen Kontseilua

Espainiako ekonomiaren errekuperazioa 'ukaezina' dela esan du Rajoyk

Horrela mintzatu da Espainiako gobernuko presidentea Ministroen Kontseiluaren osteko bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Legegintzaldiaren balorazioa egin du eta 2016ko Aurrekontuen berri eman du.

Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB
Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidentea. Argazkia: EiTB
Rajoy: 'Aurrekontuen zati handiena gastu sozialera bideratuko da'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako ekonomiaren errekuperazioa "ukaezina" da eta egunetik egunera "indarra hartzen ari da" Mariano Rajoy Espainiako gobernuko presidenteak ostiral honetan adierazi duenez. Are gehiago, Espainia bertutez beteriko zirkulu batean sartu dela esan du.

Horrela mintzatu da Espainiako gobernuko presidentea Ministroen Kontseiluaren osteko bileraren ondorengo prentsaurrekoan. Halaber, legegintzaldiaren balorazioa egin eta 2016ko Aurrekontuen berri eman du.

Gobernuburuak azpimarratu du egungo kurtso politikoan errekuperazio ekonomikoa baieztatu dela eta "hortxe" dagoela.

Rajoyren hitzetan, errealitate horri nahi zaizkion "itzalgune" guztiak bila dakizkioke, baina "ukaezina den egoera aldaketa baten aurrean gaude, geroz eta jende gehiagorengan eragina duena eta horrek guztiok poztu behar gaitu".

"Aurrekontu hauekin garai zail bati itxiko da eta hazkunde iraunkorra eta enplegu sorrera ezaugarri izango dituen beste bat hasiko da", nabarmendu du.

Azaldu duenez, Espainia hazkunde, enplegu eta diru-sarrera gehiagoko eta zerga gutxiagoko "bertutezko zirkulu" batean sartu da eta gaur onartutako Aurrekontu horiek bide hori sendotzeko balioko dute. Are gehiago, azpimarratu du bide hori okertzen ez baldin bada Espainia "hazkunde eta ongizate garai luzeenean murgilduko dela".

Gobernuaren 2016eko aurrekontu proiektuaren % 53,5 gastu sozialera bideratuko da

Ministro Kontseiluak argi berdea eman dio Espainiako aurrekontu orokorren proiektuari eta zenbateko osoaren % 53,5 gastu sozialera bideratuko da.

Hala, 100 euro bakoitzeko 39 pentsioak ordaintzera bideratuko dira, 7 langabezia-sarira eta politika aktiboetara, eta 8 euro gainerako gastu sozialetara. Halaber autonomia erkidegoek 100 euroko 14 euro jasoko dituzte gizarte zerbitzuak finantzatzeko. Halaber, 100 euroko beste 10 euro zorraren interesak ordaintzeko baliatuko dira.

Pentsioak % 0,25 eta funtzionarioen soldatak % 1 igoko dira. Halaber, 2012an funtzionarioei ukatu zitzaien Gabonetako ordainsariaren % 25a itzuliko die Gobernuak aurten bertan eta gelditzen den zenbatekoa, ostera, 2016an.

Bestalde, Rajoyren gobernuak diru gehiago bideratuko du inbertsioetara, batez ere, Sustapen alorrekoetara, beketara, Berrikuntza eta Garapen gaietara eta dependentziara.

Errekuperazio ekonomikoa mantenduz gero, Rajoyk ez du baztertzen etorkizunean zergak jaistea.

Katalunia

k Mariano Rajoykazpimarratu du hauteskunde autonomikoak izango direla irailaren 27an Katalunian eta gaineratu du Katalunia ez dela "inondik inora ere" independente izango.

"Kataluniako Parlamenturako hauteskundeak izango dira, hauteskunde garrantzitsuak, baina ez da hauteskunde plebiszitariorik izango, erreferendumik egon ez zen bezala", argitu du.

Gobernuak Espainiaren batasuna, subiranotasun nazionala eta espainiar guztien berdintasuna defendatuko dituela bermatu du Rajoyk. Halaber esan du aurpegia emango duela espainiar eta europar sentitzen diren kataluniar horien alde.

Artur Mas Generalitateko presidentearekin eta "edonorekin" hitz egiteko prest agertu da, baina aitortu du zaila dela independentziari buruzko erreferendum bat egin nahi duen buruzagi batekin hitz egitea.

Kataluniako auzian kudeaketa ona egin duen galdetuta, Rajoyk aitortu du "dena hobetu daitekeela", baina "inolaz ere" ez dela damutzen Kataluniako estatutuaren kontra aurkeztutako helegiteaz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia Politika albisteak Rajoy albisteak Espainiako Gobernua bideoak