Politika -
Ustezko ustelkeria
Sumarroca CDCren sortzailearen hiru senide atxilotu dituzte
Jordi Sumarroca Teyco eraikuntza enpresaren kontseilari ordezkari ohia dago atxilotuen artean, Carles Sumarroca Convergencia Democratica de Cataluña (CDC) alderdiaren fundatzaielaren semea.
agentziak | erredakzioa
Guardia Zibilak Jordi Sumarracoa Teyco eraikuntza enpresaren kontseilari ordezkari ohia eta horren osaba bat eta lehengusu bat atxilotu dituzte, ustelkeriaren eta diru zuritzearen kontrako polizia-operazio baten baitan. Daniel Masague Torredembarrako alkate ohia eta zerga aholkulari bat ere atzeman dituzte operazio berean.
Guardia Zibila miaketak egiten ari da Bartzelonan eta Palafrugellen (Girona), horietako bost etxebizitzetan, bi enpresatan eta bulego profesional batean, eta bost pertsona atxilotu dituzte guztira "Petrum" izeneko operazioaren baitan.
Ustelkeriaren kontrako Fiskaltzak eta El Vendrelleko (Tarragona) epaitegiak elkarlanean zuzentzen duten operazioan administrazio publikoaren kontrako delituak ikertzen ari dira, kapital zuritzea eta talde kriminaleko kide izatea, besteak beste.
Sumarroca familia urtetan egon da Pujol familiari lotuta, eta Carles Sumarroca bera izan zen Convergencia Democratica de Cataluña (CDC) alderdiaren sortzaileetako bat.
Horren semea, Jordi Sumarroca, goizean goiz atxilotu dute etxean, Bartzelonan, eta Teycoren egoitzara eraman dute, miaketan parte har zezan.
2014ko ekainetik zegoen inputatuta Jordi Sumarroca Torredembarrako (Tarragona) Udalarekin lotutako ustezko ustelkeria kasu baten baitan. Daniel Masague alkatea eta sei zinegotzi ere atxilotu zituzten operazio hartan.
Susana Sumarroca Jordi Sumarrocaren lehengusua eta Joaquin Sumarroca osaba ere atxilotu dituzte, Teycorekin lotuta.
Gainera, Masague Torredembarrako alkate ohia berriro atxilotu dute. Hilabete inguru pasatu zuen aurreko udan preso, eta dimisioa eman zuen.
Bosgarren atxilotua Maria J.P. zerga aholkulari eta diru-zaina da.