Politika -

Polizia-operazioa

Lau pertsona atxilotu dituzte ETAren kontrako operazioan, Iparralden

ETAren talde logistikoko ustezko buruzagiez gain, Ortzaizeko etxebizitzaren jabeak ere atxiki dituzte. Istiluak egon dira miaketan eta zazpi lagun zauritu dira.

ETAren aurkako operazioan, 4 lagun atxilotu dituzte Ortzaizen

1:43

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lau dira jada Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak ETAren kontra Ortzaizeko (Nafarroa Beherea) etxebizitza batean atzo abiatutako operazioan atxilotutako lagunak, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak baieztatu duenez. Erakunde armatuaren talde logistikoko ustez bi buruzagiez gain, Ortzaizeko etxebizitzaren bi jabeak atxiki dituzte.

Kongresuko pasilloetan kazetariei egindako adierazpenetan, ministroak ez ditu azken bi lagun hauen izen-abizenak jakinarazi, baina etxebizitzaren jabeak direla nabarmendu du. Euskal Irratiak Iparraldeko euskarazko irrati sareak jakinarazi duenez, Jeff Mateo eta Terexa Lekunberri dira atxilo hartutakoak. Baionako polizia etxean dituzte, iturrion arabera.

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek atzo jakinarazi zutenez, ETAren talde logistikoko ustezko bi buruzagiak Iñaki Reta (Elorrio, 56 urte) eta Xabier Goienetxea (Donostia, 35 urte) dira. Hain justu, atxiloketak salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur, Elorrion, Retaren jaioterrian, 20:00etan.

Barne ministroaren hitzetan, "oso garrantzitsua" izan da operazioa. Azaldu duenez, Guardia Zibilak bi urte baino gehiago zeramatzan atxiloketok prestatzen, Frantziako Segurtasun Zuzendaritzaren eta terrorismoaren kontrako agenteen laguntzarekin. Lau lagun hauek kontuan hartuta, 152 pertsona atxilotu dituzte legegintzaldi honetan ETArekin zerikusia dutelakoan.

Fernandez Diazen aburuz, erakunde armatua "koma egoeran dago eta heriotzaren ziurtagiria bakarrik falta zaion hilotza baino ez da". Ministroak nabarmendu duenez, Espainiako Gobernua tinko ari da lanean ETA "behin betiko desegiteko, batera edo bestera".

2015ean ETAren kontra egindako polizia operazioen errepasoa egin du Fernandez Diazek eta duela hilabete Biarritzen egindakoa nabarmendu du: "Armategi garrantzitsu bat desegin genuen, armak entregatzen zituela antzeztu nahi zuen unean. Operazio hauekin argi utzi dugu ez dugula bitartekorik behar, Guardia Zibilarekin, Poliziarekin eta Frantziako agenteen laguntzarekin, nahikoa eta sobera dugu ETAk izan dezakeen armategiak desegiteko", erantsi du.

Armak zigilatzeko taldea zuzentzen omen zuten eta agiri faltsuak zituzten

Goienetxeak eta Retak ETAren talde tekniko-logistikoa zuzentzen omen zuten. Iaz sare logistiko-militarra desegin ondoren, arma gordelekuak zigilatzeko ardura hartu zuen ei taldeak. ‘Kupel/Tonneau’ operazioaren xehetasun gehiago eman ditu Barne Ministerioak.

ETAko ustezko bi kideek nortasun agiri faltsuak zituzten, ikerketako iturriek Efe albiste-agentziari gaur jakinarazi dietenez. Antza denez, etxean egindako miaketan armarik ez dute aurkitu, ezta lehergairik ere.

Lau atxilotuak Baionako polizia-etxean daude. Segurtasun indarrek 96 ordu dituzte atxilotuak galdekatzeko, Pariseko epailearen aurrera eraman edo aske uzteko erabakia hartu baino lehen.

Zazpi lagun zauritu dira Poliziarekin izandako istiluetan

Azken orduetan, atxiloketak egin dituzten etxea miatu dute Guardia Zibilaren eta Frantziako Poliziaren agenteek. 05:45 arte egon dira miaketa lanak egiten. 

Atxiloketen berri jakin bezain laster, etxebizitza ingurura hurbildu dira hainbat lagun, elkartasuna agertzeko eta atxiloketak salatzeko asmoz. Tentsio handiko uneak egon dira, eta agenteek karga egin dute. Zazpi lagun zauritu dira, tartean polizia operazioaren berri emateko Ortzaizera joandako Jojo Bidart Irulegi Irratiko kazetaria:

Asteazken honetan, arratsaldean, 300 bat lagunek elkarretaratzea egin dute berriro Ortzaizen, polizia-operazioa gaitzesteko.

Reta eta Goienetxea

Terrorismoaren aurkako borrokaren iturriek azaldu dutenez, Reta eta Goienetxea ETAren zuzendaritzako kideak ziren 2013ko ekainean ere, talde politikoan eta logistikoan, hurrenenez hurren.

2013ko maiatzaren 7an Frantzian egindako operazioak ETAren “nukleoa” ia desegin zuela uste dute iturriek. Operazioaren ondoren geratu zen zuzendaritzako kideak omen dira bi atxilotuak.

Efe albiste-agentziak orduan kontsultatutako terrorismoaren aurkako borrokaren iturrien esanetan, ETAren zuzendaritza bost kidek osatzen zuten: Jose Antonio Urrutikoetxea, Josu Ternera; Iratxe Sorzabal, Ezpela; David Pla, Minzo; Joseba Iñaki Reta de Frutos, Zukaitz, eta Jose Luis Eziolaza, Dienteputo.

Talde politikoa, berriz, Mikel Irastorzak, Egoitz Urrutikoetxeak (Josu Ternera-ren semea) eta Juan Cruz Maiztegi, Pastor, kide beteranoak osatzen omen zuten.

Xabier Goinetxea, Goiene, eta Tomas Elgorriaga, Teo, talde logistikoan kokatzen zituzten. Reta de Frutos ETAn sartzen azkena izan omen zen, iturri horien arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea ETA