Politika -
EUSKADI IRRATIA
Barkos: 'Nafarroa eta EAE elkarrekin bizitzeko aukerak sakonak dira'
Geroa Baiko presidentegaiak esan duenez, 'altxor' bat da lau taldeek adostutako akordioa. Nafarroa eta EAEren harremanei buruz, Foru Erkidegoa Eurorregioan sartzeko bideak zabalduko dituztela esan du.
IDOIA ALBERDI | EITB.EUS
Uxue Barkos Geroa Baiko hautagaiak, eta ezustekorik ezean, Nafarroako hurrengo presidenteak datozen lau urteotako ibilbideaz hitz egin du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean eraiki asmo dituzten zubien inguruan hitz egin du. Nafarroak bere "ahalmen propioak" dituela nabarmendu du, baina bi erkidegook elkarrekin bizitzeko dituzten aukerak "oso sakonak" direla esan du. "Nafarroak eta nafarrek erabakiko dute zer harreman mota ezarri nahi den", zehaztu du. Bide horretan, EAE eta Akitaniarekin batera, Nafarroa Eurorregioan sartzeko urratsak emango dituztela ziurtatu du. "Nafarroa lehen egon zen Eurorregioan, baina UPNk bizkarra ematea erabaki zuen, taldetik aterata. Berriro egon nahi dugu bertan", esan du.
Erdietsi duten akordio programatikoari eman dio berebiziko garrantzia Barkosek, "lan zaila eta nekeza" izan dela aitortuta. Lortutako ituna "altxor bat" dela eta dokumentu horrek datozen lau urteetan "egonkortasuna" emango diola Nafarroako Gobernuari sinetsita dago Geroa Baiko presidentegaia. "Mahai gainean gida oso ona daukagu lanerako. Denbora asko behar izan dugu adosteko, baina merezi izan du, emaitza oso ona da", gaineratu du. Aldaketarako lau taldeek adostu duten akordioan lehentasunak "ongi zehaztuta eta finkatuta" daudela azpimarratu du. Erabakitzeko eskubideari dagokionez, "ezadostasunak" egon badaudela aitortu du, baina ez direla "sakonak" esan du.
Gobernu berria osatuko dutenen inguruan galdetuta, Barkosek garbi utzi du kontseilarien izendapenak presidentearen oniritzia izan beharko duela. Horren harira, presidentegaiak adierazi du izendatuko diren kontseilariek ez dutela alderdiari begira lan egin behar, nafarren interes orokorrari begira baizik. Beharrezkoa da, bere hitzetan, kuoten gobernua alde batera uztea, alderdiei begira egon beharrean Gobernura barrura begira lan egiteko.
"Gure ustez, perfil politikoa izan behar du Gobernu honek, argi eta garbi, baina alderdienak diren erantzukizunak Gobernutik kanpo geratu behar dira. Aldi berean, Gobernuan hartzen diren erabakiak interes orokorrari begirakoak izango dira, alderdien gainetik.Lau talde gara, tartean, hiru koalizio. Egitura berezi horrek behartzen gaitu harreman berezia ezartzera", esan du.
Presidentea, bi presidenteorde eta bederatzi kontseilari izango ditu Foru Erkidegoko Gobernu berriak. Egitura horretan pisu estrategikoa Gobernu bozeramaileak izango duela esan du Barkosek, zeharkako gaiak talde horren langaiak izango direlako. Hala, hizkuntza politika, berdintasuna edota bakegintza modu transbertsalean jorratuko dituzte.
Sanferminen ondoren egingo den inbestidura saioan PSNk hartuko duen jarrerak ez du kezkatzen Geroa Baiko kidea. "Orain arte bezala, PSNk ateak zabalik izango ditu aldaketaren gobernuan sartzeko, euren erabakia da. Guk gure proposamen tinkoa eta orokorra jarriko diegu mahai gainean, beti bezala. Lau urte ditugu elkarlanerako", gaineratu du.
Azkenik, Nafarroak Bruselan egoitza zabaltzeko asmoa duela baieztatu du, "Nafarroa marka bertan zabaltzeko".