Politika -
ERE faltsuen auzia
Griñan Andaluziako presidente ohia inkulpatu du Gorenak
Manuel Chavez presidente izandakoa eta Gaspar Zarrias eta Jose Antonio Viera kontseilari ohiak, forudun izaki, inkulpatzeko eskaria egin dio Parlamentuari.
Agentziak | Erredakzioa
Andaluziako ERE faltsuen auzia ikertzen ari den Auzitegi Goreneko epaileak Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohia inkulpatu du eta Manuel Chavez presidente izandakoaren eta Gaspar Zarrias eta Jose Antonio Viera kontseilari ohien, forudun izaki, kontrako prozesuarekin jarraitzeko Parlamentuari eskaera egiteko deia egin dio Auzitegiari.
Administrazioarekiko prebarikazioa egotzita egin da erreguzko eskaria guztietantzat. Vierari dirua bidegabe erabiltzea ere leporatzen diote. Erreguzko eskarian ez da Griñan sartzen, dagoeneko ez delako senataria, eta forudun izateari utzi ziolako.
Mar Moreno senataria eta kontseilari izandakoa ez du inkulpatu epaileak.
Gaur kaleratutako idatzietan, epaileak hitzez hitz honakoa jaso du, Manuel gomez Andaluziako Juntako kontu-hartzaile orokorra izandakoaren adierazpenak aipatuz: "auzipetuek neurririk gabe jan zuten ERE faltsuen poltsatik". Halaber, epailearen arabera, Enplegu, Ekonomia eta Ogasun departamentuko hainbat goi-funtzionariok nahita ezkutatu zuten "legez kanpoko sistema" hau.
Auziaren instruktorearen arabera, "finantziazio transferentzien mekanismoaren bidez ezkutatzen zituzten diru-laguntzak". Mekanismo hori erabilita, legeak ezarritako gardentasun kontrolak ekiditen zituzten.
Chavezek, Zarriasek eta Vierak uko egin diote diputatu aktari
Inkulpatzearen berri izan orduko, Chavezek, Zarriasek eta Vierak uko egin diote diputatu aktari, eta PSOEren zuzendaritzak ontzat jo ditu ukapenak.
Cesar Luena PSOEko Antolakuntza idazkariak eman du erabakiaren berri. "Euren aktak alderdiaren zuzendaritzaren esku uzten dituztela jakinarazi didate Chavezek, Zarrisek eta Vierak, eta alderdiak onartu egin ditu. Hori egingo genuela esan genuen, eta onartu egiten dugu", esan du, Kongresuan egin dituen adierazpenetan.
Luenak jakitera eman duenez, oraingoz ez dituzte alderditik botako, PSOEren kode etikoaren arabera, ahozko epaiketa zabaltzen den kasuetan erabakiko delako alderdikideak botatzea.