Politika -

CiU-ren zatiketa

Irailaren 27an UDC bere aldetik aurkezteko aukera aipatu du Duranek

Alderdiko kritikoei ohartarazi die aparteko kongresu batek alderdiaren amaiera ekar lezakeela. Artur Mas Generalitateko presidenteak eta UDCko buruzagiak bilera egin dute arratsaldean.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josep Antoni Duran UDCren buruak gogor jo du CDCren kontra, subiranotasunerako bat egin dezan "ultimatun onartezina" egin diolako, eta demokristauak irailaren 27ko hauteskundeetan bakarrik aurkezteko aukera aipatu du.

Aste honetako gutunean azaldu duenez, UDCk ez zuen duintasun minimo batekin erabakirik hartzeko tarterik izan CDCk "elkarrizketa ultimatumarekin" ordezkatu ostean. Gainera, ultimatum hori onartezintzat jo du, bai moduagatik bai edukiagatik, eta Katalunia independentziara eraman nahi duenak ezin duela horrela jokatu salatu du.

Duranen arabera, Kataluniako Gobernutik ateratzea eta CDCrengandik bereiztea erabaki mingarriak izan dira, eta "inor baino gehiago sufritzen" ari omen da, are gehiago CiU koalizioa sinatu zuten UDCren buruzagi gutxi geratzen baitira bizirik.

Bestalde, buruzagi kataluniarrak argi adierazi nahi izan du denbora asko zeramatela zatituta, eta ez dela kontsulta izan egoera okertu duena.

UDCren barruan dauden kritikoen harira, Duranek esan du alderdia "desagerrarazteko" modua besterik ez litzatekeela izango aparteko kongresu bat antolatzea.

Artur Mas Generalitateko presidenteak eta UDCko buruzagiak bilera egin dute arratsaldean, Generalitateko jauregian, hurbileko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakitera eman diotenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia