Politika -
Krisia CiU-n
Uniok Kataluniako Gobernua utzi du eta CiUren etorkizuna kolokan dago
Hala ere, “legealdiko azken unera arte” Kataluniako Parlamentuaren egonkortasuna bermatuko du UDCk. Era berean, udalen “egonkortasuna” bermatzea adostu du Unioren zuzendaritzak.
Agentziak | Erredakzioa
Artur Masen Gobernua utziko dute Unioko hiru kontseilariek, UDCko iturriek aurreratu dutenez. CiU federazioa zatitzeko beste pauso bat dela ematen du.
Horrela, Joana Ortega Generalitateko presidenteordeak, Ramon Espadaler Barne kontseilariak eta Josep Maria Pelegri Nekazaritza kontseilariak Exekutibotik alde egingo dute.
Hala ere, ?legealdiko azken unera arte? Kataluniako Parlamentuaren egonkortasuna bermatuko duela adostu du UDCren zuzendaritzak, konpromisoak bete ahal izateko.
Udal hauteskundeak egin eta gero, udalen ?egonkortasuna? bermatzea ere adostu du Unioren zuzendaritzak.
?Parlamentuko egonkortasuna bermatuko dugu legealdiaren azken unera arte, UDCren erruz ez da bozketarik galduko Parlamentuan eta udaletan?, azaldu du Uniok. Ebazpenak aldeko 18 boto, kontrako 10 eta bi abstentzio izan dituela goraipatu du alderdiko zuzendaritzak.
Bestalde, Gobernuan sartzeko atea zabalik utzi du gaur Sergi Sabria ERCko bozeramaileak: ?Herriaren eta Exekutiboaren esanetara gaude?.
CDCren ultimatuma aztertzeko bilera egin du Unioko zuzendaritzak. Batzarra 14:00ak aldera hasi da eta independentziaren bide orriarekin bat egin ala ez erabaki behar zuten. Convergenciak ERCrekin eta entitate soberanistekin bidaia orria adostu zuen irailaren 27ko hauteskundeei begira.
Unio: "CiU federazioa hausterik ez dugu nahi?
?Gobernutik alde egiteko erabakia koherentea da, baina CiU federazioa hausterik ez dugu nahi?, azpimarratu du Ramon Espadaler UDCko idazkari nagusiak.
Zentzu horretan, erabakiak Diputatuen Kongresuko CiUren taldeari eragingo ez diola ziurtatu du. Horrela, datozen hauteskunde orokorretara arte Josep Antoni Duran Lleidak zuzentzen jarraituko du.
Dagoeneko Artur Masi Unioko zuzendaritzaren ?gehiengoak? hartutako erabakiaren berri eman diotela ziurtatu du Espadalerrek.
Bestalde, irailaren 27ko hauteskundeetara nola aurkeztuko diren galdetu diotenean, ?ikusiko dugu? batekin erantzun du Espadalerrek.
?Gauza bakoitza dagokionean. Ez ditugu erabakiak azkarregi hartuko?, adierazi du UDCko zuzendaritzaren bilera amaitu eta gero.
?Ez gara ikusten, ezta ez ikusten ere?, Artur Masekin eta CDCrekin zerrenda berean, erantsi duenez. Gaurko bilera CDCren ultimatuma aztertzeko zela bakarrik azaldu du Espadalarrek; izan ere, federazioko bazkideek epemuga larunbatean ezarri zuten.
Bestalde, federazioko bi bazkideen ikuspuntu ezberdinak bateratzeko elkarrizketarik ez izatea aurpegiratu dio Josep Antoni Duran Lleida Unioko buruzagiak CDCri. Gainera, UDCko idazkari nagusiari babesa eman dio.
CDCren bilera
Azkenik, CDCren zuzendaritzak premiazko bilera egin du gauean CiUren egoera aztertzeko. Generalitateko presidentea CDCren egoitza zentralean sartu da, Bartzelonako Corcega kalean, eta atean zeuden kazetariei zera azaldu die: ?Gaur ezin dizuet ezer esan?.
Bilera hasi baino lehen, CDCren zuzendaritzaren bilera ?barne eztabaida? bat dela adierazi du Merce Conesa CDCko bozeramaileak. Batzarra goizaldera arte luzatu daitekeela ohartarazi du.
Conesak ziurtatu duenez, Josep Rull alderdiko koordinatzaile nagusiak prentsaurrekoa emango du ostegun honetan, 13:30ean, erabakien berri emateko.