Politika -

ITUNAK

Udalak osatu arte negoziazioak etetea erabaki dute EAJk eta PSEk

Hainbat udal osatzeko elkarrizketetan 'zailtasunak' sortu dira, Andoainen, kasu.

EAJren eta PSEren arteko akordioa, kolokan Gipuzkoan

1:17

EUSKADI IRRATIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ahalik eta erakunde gehiagori egonkortasuna emateko xedearekin, itun “globala” adosteko lanean “irmo” jarraituko dute EAJk eta PSE-EEk, nahiz eta, egunez eguneko negoziazioetan ezberdintasun “puntualak” agertu. Larunbatean udalbatzak osatu arte negoziazioak “etetea” erabaki zuten bi alderdiek iragan asteazkenean.

Europa Press agentziak, iturri jeltzaleak aipatuz, negoziazioak “fronte askotan” egiten ari direla zehaztu dute, eta, lurralde eta erakunde bakoitzean “erritmoak ezberdinak” direla zehaztu dute.

Toki batzuetan “ezberdintasunak” diren arren, alderdi biek garrantzia kendu diete ikuspuntu ezberdin horiei. “Aurrera jarraituko dugu, negoziazioak zabalik daude”.

Gipuzkoan, toki batzuetan negoziazioak “ondo” doazen arren, beste batzuetan “desadostasunak” agertu direla onartu dute. “Gaindiezina denik ez dago”, erantsi dute.

Gipuzkoako Foru Aldundirako akordioa ixteko batzarra zen, baina azken orduotan zailtasunak sortu dira hainbat udal osatzeko elkarrizketetan. Udalak osatzeko elkarrizketa zailek Aldundiaren ingurukoak nahas ez ditzaten, bertan behera utzi dute gaurko bilera.

Itxura guztien arabera, Andoaingo Udalean dago arazo handiena. Hauteskundeetan EH Bildu izan zen lehen indarra, PSE-EE izan zen bigarrena, eta EAJ, hirugarrena. Sozialistek Alkatetza eskuratu nahi dute, baina badirudi zinegotzi jeltzaleak ez daudela babesa emateko prest.

Andoaingoa da oztopo handiena, baina ez bakarra, bi alderdietako iturriek baieztatu dutenez. EAJren iritzian, zailtasunak “ez dira larriak”, eta egoera bideratzeko moduan ikusten dute. Bestelako iritzia du PSE-EEk: udalak osatzeko “zailtasun asko” dituztela eta Euskadi osorako itxi nahi den “akordio orokorra” ere ez doala “bide onetik” adierazi dute.

Hemendik aurrera, Europa Press agentziaren arabera, sozialistek euren hautagaiak babestuko dituzte zerrenda bozkatuena izan diren tokietan, baita Andoainen ere. Gainerako bilkuretan boto zuria emango dute sozialistek. Jeltzaleen eta sozialisten arteko bilerarik ez da espero ostiral honetan. Hala ere, PSEtik "prest" agertu dira EAJrekin bilerak "edozein momentuan" egiteko. Hala ere, sozialistek ez diete EAJren hautagaiei babesik emango Astigarragan edo Soraluzen. PSEk dio jeltzaleek ez dutela herri horietan EH Bildu alkatetzatik kentzeko interesik. Sozialistek ez dute ziurtzat ematen datorren astean negoziazioari helduko diotenik. Ekainaren 13rako akordiorik lortu ez izanak ez du giro "aproposena" sortu itunak lortzeko, PSE-EEren ustez.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ PSE-EE berriak Andoain albisteak