Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Erkoreka: 'Armagabetze prozesua adarjotzea izatetik gertu egon da'
"Armagabetu" behar denari, hau da, ETAri, dagokio armagabetzeaz erabakiak hartzea, Jaurlaritzako bozeramailearen iritziz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
ETAren armagabetze prozesua “motelegi” doala eta, noizean behin, “adarjotzea” izatetik gertu egon dela adierazi du gaur Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Prozesu horri “berehala” eta “modu argi batean” heltzeko borondaterik ere ez du ikusten Erkorekak.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, armagabetzearen afera “armagabetu behar denaren ardura” dela nabarmendu du. Hauteskundeen aurretik Jaurlaritzak egindako deiari ez diotela erantzun “gogotsurik” eman kritikatu du Erkorekak.
“Armagabetze prozesua motelegia izaten ari da eta, noizean behin, adarjotzea izatetik gertu egon da”, berretsi du.
Parisko Asanblea Nazionalean gaur egin duten bake konferentziaz ere mintzatu da Erkoreka.
Mota horretako ekimenen alde agertu da Jaurlaritzako bozeramailea. “Positiboa da, baina ikustear dago zertan geratzen den Frantziako Asanblea Nazionalean piztutako eztabaida”, esan du.
Ezker abertzaleak iraganean gertatutakoaz adierazpen kritikoa egin behar duela eta Jaurlaritzan horren zain daudela nabarmendu du Erkorekak.
Bake eta bizikidetzaren alorrean, alderdi politiko ezberdinekin “mikro-akordioak” lortzeko eskaerak indarrean jarraitzen duela nabarmendu du. “Estrategia bezala, legealdiaren hasieran bezain baliogarria iruditzen zaigu”, gaineratu du.
Hauteskundeen ondorengo itunei buruz, EAJ eta PSE-EEren arteko balizko akordioari “ongietorria” eman dio Erkorekak.