Politika -
Gaur hasi da
Parisko bake konferentzia debekatzeko eskatu du Ciudadanosek
ETAren "aldarria" egingo dela eta presoei "babesa" emango dietela argudiatu dute Ciudadanoseko eurodiputatuek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Javier Nart eta Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko eurodiputatuek gutun bat igorri diote Parisko Asanblea Nazionalari, 'Euskal Herriko bakearen aldeko konferentzia humanitarioa' debekatzea eskatuz. “Bertan, ETA talde terroristaren aldarria egingo dute, eta presoei babesa adieraziko diote", argudiatu dute.
'Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa' gaur hasi da, 09:30ean, Frantziako Asanblea Nazionaleko Victor Hugo Aretoan. Alderdi politikoek, biktimek eta nazioarteko hizlariek hartuko dute parte bertan.
Ciudadanoseko ordezkariek bidalitako gutunak Fernando Mayra eta Enrique Calvet UPyDko eurodiputatuen babesa ere jaso du. Frantziako Asanblea Nazionaleko presidenteari ekitaldia debekatzeko eskatu diote.
“ETA biktimatzat aurkeztu nahi dute nazioarteko foroen aurrean, Frantzia, Espainia eta ETAren artean konpondu gabeko gatazka bat dagoela argudiatuz”, salatu dute.
“Askatasunaren eta senitartekotasunaren adibide izaten jarraitu behar du Asanbleak”, nabarmendu du Girautak. Bake Konferentziari esker, Asanblea “talde terroristaren aldarrikapenetarako marko” bihurtuko dela kritikatu du.
Ekitaldia egiteak “biktimak eta euren senideak eta frantziar eta espainiar herritarrei irain egitea” ekarriko duela gaineratu du.
“Frantziak ofizialki onartu zuen 2009. urtean ETA talde kriminal bat zela. Hortaz, Asanbleak bere egoitzan ETAren gertuko laguntzaileak hartuko ditu, benetako hiltzaile direnen irudia garbitzeko nazioarteko kanpainari babesa emanez”, adierazi dute gutunean.