Politika -

Bakearen aldeko konferentzia

ETAri armagabetzea bukatzeko deia egin dio Parisko konferentziak

110 eragilek sinatutako "Euskal Herriko bakearen aldeko Manifestua"n, prozesuan parte hartzeko eskatu diete gobernuei. Horrez gain, dispertsioa bukatzeko eta biktimen aitortza egiteko galdegin dute.

Asanblea Nazionaleko aretoa lepo egon da ostegun honetan. EITB
Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia. EITB
Parisen, Euskal Herriko bakea aztergai

1:19

E.GARAIKOETXEA | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Euskal Herriko bakearen aldeko Manifestua" irakurriz bukatu dute ostegun honetan Parisen, Asanblea Nazionalean, egin duten 'Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa'. Bertan, armagabetzea bukatzeko deia egin diote ETAri eta prozesu horretan parte hartzeko eskatu diete Frantziako eta Espainiako gobernuei. 110 eragilek izenpetu dute agiria.

Agiria Serge Portelli Versalleseko Apelazio Gorteko presidenteak irakurri du lepo zegoen Victor Hugo Aretoan. Adierazpenean, ETAri "bere desarmetze prozesua burura eramateko" deia egin diote eta Espainiako eta Frantziako gobernuei bertan parte hartzeko eskatu diete.

Bake Bidea elkarteak antolatu du jardunaldia, 'Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa' izenpean. Frantziako Asanblea Nazionaleko Victor Hugo aretoan egin dute ekimena, eta bertan izan dira Frantziako alderdi politiko nagusietako ordezkariak eta Euskal Herritik joandako politikariak. Besteak beste, Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria, Ipar Euskal Herriko hautetsi ugari eta Paul Rios Lokarriko koordinatzailea izandakoa egon dira Parisen.

Aieteko Nazioarteko Konferentziaren ondorioz, ETAk bere jarduera armatua bukatutzat jotzeak Euskal Herrian "sekula ezagutu" gabeko testuingurua utzi zuela gogoraraziz hasten da dokumentua eta azken urteotan izandako aurrera pausoak errepatzen ditu.

Lau aldarrikapen/eskaera nagusi bildu ditu agiriak. Batetik, ETAri "bere desarmatze prozesua burura eraman dezan" eskatu diote, eta prozesu horretan Espainiako eta Frantziako gobernuek parte hartzeko beharra azpimarratu dute, nazioarteko komunitateak egindako eskariari jarraiki. Hala, armagabetzea "molde adostu eta kontrolatuan burutuko dela bermatuko duen espazio egokia" ahalbideratu dezaten galdegin die gobernuoi.

Presoen auziari buruzkoa da bigarren puntua. Adierazpenaren sinatzaileek "euskal presoen dispertsioarekin amaitzeko" eskatu dute. "Halaber, oinarrizko eskubideen errespetuz, presoei legearen baitako zigorren malgutzea" aplikatzea eta gaixo daudenak "askatzea" aldarrikatu dute.

Biktimak hizpide, "berradiskidetzea sustatzeko eta biktima guztien aitortza, kalte-ordaina eta asistentzia eskuratzeko pisuzko neurriak" hartzeko deia egin diete horretan ardura dutenei.

Espainiako eta Frantziako gobernuei zuzenduta dago laugarren eta azken puntua. "Bakea sustatzeko behar handia" dagoela ulertuta, bi estatuei "Euskal Herriko gatazkaren konponbidean zinez inplikatzeko" eskatu diete.

Biktimak eta adituak, hizlari

Hiru orduz, biktimen papera, adiskidetzea edota presoen egoera ahotan eduki dute bake prozesuetan aditu direnek, biktimek eta ordezkari politikoek. Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohiak egindako hitzaldiarekin eta manifestuaren irakurraldiarekin bukatu da hitzordua.

Euskal gatazkaren bi aldeetako biktimek aparteko lekua izan dute Parisen. Hizlari izan dira bertan Roberto Manrique ETAren biktima eta Axun Lasa, Joxean Lasa GALeko biktimaren arreba. Biek ala biek biktimen papera aldarrikatu eta erabilera politikoa baztertu dute.

ETAk Hipercorren egin zuen atentatuan zauritu zen Roberto Manrique. Biktimen erabilpen politikoa salatu du bere hitzaldian eta euren artean dagoen aniztasuna azpimarratu du: "Biktima guztiek berdin pentsatzen dugula sinestarazi nahi digute, baina ez da egia", agertu du. Era berean, biktima guztien aitortza berdina izan ez dela ohartarazi du eta GALen biktimak aipatu ditu adibide gisa. Hain justu, Axun Lasa Joxean Lasa Guardia Zibilak torturatu eta hildakoaren arrebak justizia aldarrikatu du eta biktimen papera "zerbaiten kontra barik, zerbaiten alde borrokatzea" dela azpimarratu du.

Deia Espainiako eta Frantziako gobernuei

"Indarkeriaren unea gaindituta dagoen honetan, inplikazio politikoaren unea da orain", hitzokin abiatu du Pierre Joxe Frantziako Barne eta Defentsa ministro ohiak konferentzia.

Aretoa lepo zegoela abiatu du hitzaldia Aieteko adierazpenaren izenpetzailea ere izan zenak.  Agertu duenez, konferentzia Euskal Herrian "bakea sendotzeko elementua" izan daiteke. Izan ere, haren ustean, "indarkeriaren unea gaindituta dagoen honetan, inplikazio politikoaren unea da orain" eta ildo horretan, Frantziako eta Espainiako gobernuei dei egin die auziari heltzeko.

Joxek bi erronka nabarmendu ditu: ETAren "armagabetzea burutzea" eta "presoen egoera konpontzea". Adierazi duenez, "memento zailak" bizi zituen GALen garaian, bere kide batzuk GALen atzean zeudela jabetzean.

Frantziako ministro ohiak Aieteko Adierazpena aldarrikatu du eta "itxaropenez beteriko unea" izan zela agertu.

Babes zabala izan du konferentziak

Bake konferentzia Frantziako 12 diputatuk eta senatarik bultzatu dute: Sylviane Alaux, Jean-Luc Bleunven, Colette Capdevielle, François de Rugy, Cécile Duflot, Frédérique Espagnac, Paul Giacobbi, Jean- Christphe Lagarde, Jean Lassalle, Jean Jacques Lasserre, Noël Mamère eta Paul Molac.

Bake Bidea elkarteekin batera, honako erakunde hauek babesten dute 'Euskal Herriaren bakearen aldeko konferentzia humanitarioa': Giza Eskubideen Liga Harremanetarako Nazioarteko Taldea (HNT) Berghof Fundazioa (Alemania) Conciliation Resources (Ingalaterra) eta Bake Prozesua indartzeko Foro Soziala (Euskal Herria).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea