Politika -
Udalen osaketa
Horrela aldatuko da euskal udalerrien mapa politikoa
EAE eta Nafarroako Udaletan nork gobernatuko duen ez dugu larunbatera arte jakingo. Azken minutura arte negoziatzeko asmoa erakutsi dute alderdi politikoetako ordezkariek.
IKER GOMEZ | EITB.EUS
Eromenezko asteak izan dira alderdi politikoetako ordezkarientzat: erlojupeko negoziazioak, bilerak, akordioak, ez-ulertzeak eta keinuak. Horrek guztiak aldaketa sakona ekarriko du udalerrietako mapa politikoan. Argazkia oso-osorik ikusteko larunbatera arte itxaron beharko dugu, eta asko dira oraindik euren herrietan nork gobernatuko duen ez dakiten udalerriak.
Bizkaia
Hauteskundeez geroztik, jeltzaleagoa da Bizkaia. EAJk 48 udalerritan lortu zuen gehiengo absolutua, tartean Sestao, Lezama, Gernika eta Loiu. Bigarren tokian, EH Bildu: 25 herritan zinegotzien % 50tik gora gobernatuko du koalizioak (Igorre, Larrabetzu, Otxandio, Lemoa?). PSE-EEk, berriz, bere Bizkaiko bastioia galdu zuen M-24an, eta datozen lau urteetan EAJk izango du Barakaldoko alkatetza. Sozialistek Portugalete eta Ermuari eustea lortu dute, hala ere, eta seguruenik EAJren babesarekin gobernatuko dute legealdi berrian.
Bilbon, Juan Mari Aburtok (EAJ) lasaitasunez irabazi zituen hauteskundeak, baina ?alderdi guztiekin? negoziatzen aritu da, babesak lortu nahian.
Nork gobernatuko duen argi duten udalerrietatik kanpo, asko dira EAJ eta PSEren arteko negoziazioak hurbiletik jarraitzen dituztenak. Akordioa lortu dezakete jeltzale eta sozialistek Basauri, Galdakao, Leioa, Erandio, Santurtzi, Amorebieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Mungia edota Erandion gobernuak osatzeko.
Bestalde, EH Bilduk eta plataforma independenteek alkatetza kendu diezaiokete EAJri hainbat herritan. Bakion dagoeneko babesa eman dio Bakio Bai plataformak EH Bilduren hautagaiari. Gauza bera gerta liteke Artea, Busturia edota Plentzian.
Gipuzkoa
Gipuzkoan, EH Bilduk 17 udalerri galdu ditu maiatzeko bozetan, eta horrek eraldaketa handia ekarriko du Gipuzkoan. Orain lau urte egin ziren hauteskundeen ondorioz, bost herritan gobernatu du EAJk azken legealdian baina, oraingoan, garaile atera ziren 23 udaletan. Donostian, adibidez, Eneko Goia jeltzaleak gobernatuko du, seguruenik PSE-EEren babesarekin.
Sozialistek eta jeltzaleek ituna egin dezakete hainbat herriri begira: Arrasate, Bergara eta Aretxabaletan EAJk izango luke alkatetza. Eibar, Irun, Lasarten eta Pasaian, berriz, sozialistek gobernatuko lukete.
Horiez gain, zalantza dago oraindik Andoain, Soraluze eta Astigarragan. Hiru herri horietan EH Bilduk lortu zuen boto gehien, baina oraindik sinatu gabe dagoen EAJ-PSE itunak alkatetza kenduko lioke koalizioari.
Araba
Araban, Gasteizko alkate berria nor izango den piztu du ikusmin handiena. Javier Maroto popularrak irabazi zituen hauteskundeak, 27 eserlekuetatik bederatzi eskuratuz. Hala ere, oposizioak ituna egingo balu, Marotok ez luke kargua hartuko. Hauteskundeen ondorengo egunean lasai asko agertu zen Maroto hedabideen aurrean, oposizioak bat egiteko asmorik ez zeukala argudiatuz. Hala ere, azken orduetako bileren ondoren, nahasmena da nagusi Gasteizko Udalaren inguruan, EH Bilduk bere botoak EAJri eskaini baitizkio.
Gasteizekin batera, Artziniega eta Oiongo Gobernuak ere mahai gainean jarri dizkio PPk EAJri. Artziniegan EH Bilduk irabazi zuen arren, EAJ-PP batasunak alkatetza kenduko lioke koalizioari.
Navaridasen, EAJk erabaki bat hartu beharko du: PPri babesa eman ala independenteekin bat egin. Guardian, popularrek egin beharko dute ahalegina EAJren botoak lortzeko, Ciudadanosek negoziazioak eten ostean.
EH Bilduk izango du azken hitza Lapuebla de Labarcan (EAJk eta independenteek hiruna ordezkari lortu zituzten). Bestalde, Laudioko alkatetza ziurtzat ematen du koalizioak.
Ezustekorik egon ezean, EAJk Amurrion gobernatuko du eta sozialistek Iruña Okan gobernua mantentzea espero dute, nahiz eta jeltzaleen babesa beharko duten.
Nafarroa
?Aldaketa? da Nafarroan azken boladan gehien entzun den hitza. Geroa Baik hartuko du Nafarroa gobernatzeko erronka eta, hiriburuan, Joseba Asiron EH BIlduko ordezkaria izendatuko dute alkate.
Historian aurrenekoz, Iruñeak alkate abertzalea izango du datorren legealdian. Geroa Baik, Aranzadik eta Izquierda-Ezkerrak babesa emango diote larunbatean EH Bilduko hautagaiari. Guztira, hamalau boto jasoko ditu, UPNk lortutako hamar zinegotzien aurrean. Iruñeko alkatetza UPNren eskuetan izan da 1999tik.
Tuteran, UPNk lortu zituen boto gehien, baina Izquierda-Ezkerrak eserleku kopuru bera lortu zuen. Gainerako alderdiekin ituna eginda, ia ziurra da I-Ek gobernatuko duela Tuteran.
Barañain eta Lizarran, EH Bildu eta Geroa Bairen aliantzak koalizio abertzaleari emango lioke alkatetza udalerri horietan. Tafallan eta Antsoainen gauza bera gertatuko litzateke.
Burlatan, Burlata Aldatuz plataformak izango du alkatetza, eta Zizur Nagusian Geroa Baik izango du gobernatzeko ardura, akordio bati esker.