Politika -
ANDALUZIA
Rivera: 'PPk 30 urtean baino gehiago lortu dugu guk hilabete gutxian'
PSOErekin Susana Diaz presidente izendatzeko akordioa itxi ondoren, Ciudadanoseko buruak esan du sozialisten jarrera 'errotik aldatu' dela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Albert Rivera Ciudadanos alderdiko burua "pozik" agertu da, Andaluziako sozialistekin akordioa itxi ostean. Susana Diazen inbestidura babestuko dute bihar, eta horretarako ustelkeriaren aurkako ituna izenpetu dute PSOEkin. 70 neurri adostu dituzte, tartean, Manuel Chaves Andaluziako presidente ohiaren ingurukoa. Chaves inputatuta dago, eta Auzitegi Gorenak auziaren inguruko ebazpena kaleratzen duenean, baliteke presidente izandakoak diputatu akta entregatu behar izatea.
Komunikabideen aurreko agerraldian, Riverak adierazi du PSOEren jarrera "errotik aldatu" dela. Besteak beste, Chavesen kargu gabetzearen aukera onartu izana jarri du adibidetzat.
Ciudadanoseko buruaren hitzetan, Alderdi Popularrak Andaluzian 30 urtean lortu ez duena lortu dute eurek hilabete gutxian.
"Gobernuan egon gabe" aldaketa esanguratsuak lortu dituztela esan du Riverak: hala nola, ekonomiaren gardentasunean eta alor sozialean adostutakoak aipatu ditu.
PSOEk eta Ciudadanosek izenpetutako akordioan gardentasunarekin lotutako 35 neurri, ogasunarekin lotutako 17 proposamen eta 18 neurri sozial daude jasota.