Politika -
Txistualdia himnoari
Ortuzar: 'Himnoaren hurrengo txistualdia are handiagoa izan daiteke'
Horren irudiko, "himnoaren txistualdiagatik eskandalizatzen direnek ez diote bere buruari galdetzen zer dela eta ehun mila lagun ados jarri diren keinu zaratatsua egiteko: hori da kezkagarriena".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJren presidenteak deitoratu duenez, Madrilek entzungor egiten du Errege Koparen finalean Espainiako himnoari egindako txistualdiaren arrazoien aurrean. "Horren ondorioz, himnoaren hurrengo txistualdia are handiagoa izan daiteke", iragarri du jeltzaleak.
Bartzelona eta Athletic futbol-taldeen arteko partidan izandako txistualdiaren ondorioz, politika eta kirol munduan izandako erreakzioak komentatu ditu Ortuzarrek EFEri eskainitako elkarrizketa batean.
Horren irudiko, "himnoaren txistualdiagatik eskandalizatzen direnek ez diote bere buruari galdetzen zer dela eta ehun mila lagun ados jarri diren manifestazio zaratatsua egiteko, eta hori da kezkagarriena".
"Bere akatsari eusten diote, eta horren ondorioz, himnoaren hurrengo txistualdia are handiagoa izan daiteke. Ez dira ohartu, baina egin dutena nahi dutenaren aurka doa", ondorioztatu du Ortuzarrek.
"Ez dut uste txistuak bota zutenak harro daudenik, baina hori egiteko sentimendua eta beharra dute, eta ehun mila lagunek aldi berean protestatzen dutenean, arazo bat dago, eta beharbada hori konpontzera joan beharko genuke", adierazi du.
"Ez dut uste inori eraso egiteko asmorik zutenik, gustura ez dauden egoera batengatik protestatzea baizik", gaineratu du. Ortuzarrek gogora ekarri duenez, " Espainiako, Euskadiko eta Kataluniako himnoak entzunaraztea proposatu nuen xume, eta hara entzun behar izandakoak! Nire ustez, horrek txistualdiak ekiditu izango lituzke".
Txistualdi erraldoia Nou Campen, Espainiako himnoaren aurka