Politika -

Himnoari txistualdia

Eusko Jaurlaritza: 'Athletic zigortzea hanka-sartzea litzateke'

Exekutiboak azpimarratu duenez, "hobe litzateke Espainiako kirol-arduradunek aztertuko balituzte arduradun instituzionalek botatako probokazioak".

Txistualdi handia jaso zuen Espainiako himnoa Errege Koparen finalean. Argazkia: EFE
Txistualdi handia jaso zuen Espainiako himnoa Errege Koparen finalean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errege Koparen finalean Espainiako himnoari zaleek egindako txistualdiaren harira, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Athletic eta Barcelona FC zigortzea "hanka-sartzea litzateke". Horren aburuz, "auzi sozio-politiko baten aurrean gaude, eta horrek bestelako hausnarketa mereziko lituzke arlo politikoan eta sozialean".

Ohar baten bidez Jaurlaritzak nabarmendu duenez, "Eusko Jaurlaritza erakundeekiko errespetuaren alde egongo da beti", eta atzoko partidan jazotakoa Indarkeriaren Aurkako Batzordera eramatea "lekuz kanpo dago erabat".

Athletic Club eta Bartzelona FC futbol-taldeen arteko partidan Espainiako himnoari zaleek egindako txistualdia dela-eta, Indarkeriaren, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Estatu-Batzordea bilduko da bihar jazotakoa aztertzeko.

Horren harira, Jaurlaritzak adierazi duenez, "ez dauka zentzurik, okerra da zaleek egindakoagatik futbol taldeak zigortzea, egoera politiko baten gainean iritzi kritikoa plazaratzeagatik, hain zuzen ere", gaineratu du.

Bestalde, Exekutiboak azpimarratu duenez, "hobe litzateke Espainiako kirol-arduradunek aztertuko balituzte arduradun instituzionalek botatako probokazioak, Errege Koparen finala zein taldek edo zein futbol-zelaian jokatuko zuten jakin denetik, bereziki".

"Auzi sozio-politiko bati aurre egiteko ez da bidea klubak mehatxatzea", gaineratu du, "horrek alor politikoetan eta sozialetan bestelako hausnarketa eta kontzientziazioa mereziko lituzkeelako".

Horrelakoa izan zen txistualdia, zuri-gorrien harmailetan. Bideoa: EiTB.EUS

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic 2024ko Errege Kopa Bartzelona albisteak