Politika -
Athletic-Bartzelona
Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin du himnoaren kontrako txistualdia
Indarkeriaren kontrako Batzordea deitu du astelehenerako, ''jarrera desegokiak salatzeko eta, dagokionean, zigorrak proposatzeko''. Manos Limpiasek salaketa jarri du zaleen eta Villarren kontra.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak Indarkeriaren kontrako Batzordea deitu du astelehenerako, Athleticek eta Bartzelonak Nou Camp zelaian jokatutako Errege Kopako finalean Espainiako himnoari egindako txistualdia dela eta.
Gobernuak jakitera eman duenez, ''jarrera desegokiak salatzeko'' deitu du Batzordea, eta ''dagokionean, legezkoak diren zigorrak ezartzeko, indarrean dagoen legedia errespetatzeko asmoz''. Idatzi batean azaldu duenez, jada horren inguruan ohartarazi zitzaien, eskutitz bidez, Espainiako Futbol Federazioaren eta bi taldeen presidenteei.
Halaber, Espainiako Gobernuak gaitzetsi egin ditu ''espainiar guztiak ordezkatzen dituzten sinboloen kontrako erasoak; demokrazia eta elkarbizitza ordezkatzen dituzten sinboloen kontrako erasoak''.
Horren harian, Gobernuak esan du ''onartezina'' dela edozein motatako ''intolerantzia adierazpena''. ''Are gehiago, kirol ikuskizun bat aprobetxatuta oihartzun publikoa bilatzen denean'', gaineratu du.
Jaurlaritzaren erreakzioa
Bestalde, Errege Koparen finalean Espainiako himnoari zaleek egindako txistualdiaren harira, Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Athletic eta Barcelona FC zigortzea "hanka-sartzea litzateke". Horren aburuz, "auzi sozio-politiko baten aurrean gaude, eta horrek bestelako hausnarketa mereziko lituzke arlo politikoan eta sozialean".
(Txistualdiaren irudiak, harmailetatik. Bideoa: EITB.EUS)
EAJ: 'Adierazpen-askatasuna funtsezkoa da'
Bestalde, himnoaren txistualdiari buruz Koldo Mediavilla EAJren harreman instituzionaletarako idazkariak adierazi duenez, "adierazpen askatasuna funtsezkoa da, eta ezin da herritarren borondatea zapaldu".
Cadena Ser irrati-kateari eskainitako elkarrizketan Mediavillak esan duenez, Espainiako Gobernuak eta Indarkeriaren Aurkako Batzordeak euren buruari galdetu behar diote "zerk sortu duen egoera hori"
"Sistema demokratiko batean, adierazpen-askatasuna funtsezkoa da, eta espresuki gizarteak adierazitako borondatea ezin da une honetan zapaldu", azaldu du Mediavillak.
PSOEk babesa eskaini dio erregeari
Pedro Sanchez PSOEko buruak Felive VI. erregearekin hitz egin du gaur goizean, eta Espainiako himnoaren aurka Camp Noun atzo izandako txistualdiaren harira, babes "osoa" eskaini dio erregeari.
PSOEko iturriek jakinarazi dutenez, "PSOEk Estatuko sinboloei dien errespetua" helarazi dio Sanchezek erregeari. Halaber, "erakundeen eta sinboloen ospea mantentzearen garrantzia" azpimarratu du.
Bestalde, "gizabidearen kontrako jarrerak" gaitzetsi ditu PSOEk aurretik zabaldutako ohar baten bidez. "Elkarbizikidetza demokratikoak sinboloak errespatzea eskatzen du, bereak sentitzen ez dituztenen partetik ere", azaldu du PSOEk.
"Sumin-adierazpenak eta errespetu faltak beharrezkoak ez diren tentsioak gehitzen dituzte", gaineratu du Alderdi Sozialistak. "Herritarren sentimendu nazionala askea izan behar da, eta Legeak ezarritako sinboloekiko errespetua exijitu daiteke", amaitu du.
Manos Limpiasek zaleen eta Villarren kontrako salaketa jarri du
Manos Limpiasek salaketa jarri du igande honetan, finalean izan ziren zaleen kontra eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidentearen kontra. Fiskaltzaren aurrean, Manos Limpiasek salatu egin du ''himno nazionalaren kontrako txistualdi erraldoi eta masiboa''; Villarren kasuan, ''beharrezko lankide'' izatea egotzi dio.
Salaketa, halaber, Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariaren kontra ere bada, ''zuhurtziarik gabe, delitu ekintzak ez ekiditeagatik''.
Manos Limpiasek testu horretan dioenez, ''oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen kontrako delitua'' egin da; horrekin batera, ''Espainiaren kontrako iraina'' ere izan da.
Bere burua txistualdiaz bereizi du Bartzelonak
Carles Vilarrubí Bartzelona taldeko presidenteordeak igande honetan esan du klubak bere burua bereizten duela txistualdiaz, eta adierazi du ez duela uste Bartzelonak isunik ordaindu behar duenik. RAC1 irrati katean egin dituen adierazpenetan, Vilarrubik adierazi du Bartzelonak aldez aurretik publikoki esan zuela bere jarrera ''erakundeekiko, pertsonekiko eta himnoekiko erabateko errespetuzkoa'' dela. Bestalde, Vilarrubik aurreratu du balizko isun horren kontra auzitegietara joko luketela, ''bidegabea litzatekeelako''. ''Isuna baldin badago erantzun egin behar diogu. Azken batean, bisitariak ginen'', azpimarratu du. ''Gure bazkideen eskubideen alde egin behar du'', gaineratu du.
Erreakzioak
Artur Mas Generalitateko presidenteak larunbat honetan salatu du ''barregarria'' dela Indarkeriaren kontrako Batzordea deitzeko iragarpena. Partida bukatuta egindako adierazpenetan, Masek esan du antzeko txistualdi asko ikusi izan dituela, eta gertatutako "horrelako ekitaldietan gertatu ohi denaren ohiko testuinguruan" kokatu behar dela, eta ez berregarri geratu".
"Bartzelonaren alboan izango gara, eta klubek erantzukizunik izatea saihestuko dugu", esan du igande honetan Ivan Tibau, Generalitateko Kiroletako idazkari nagusiak.
Alicia Sanchez-Camacho PPCko presidenteak, bestalde, salatu du "sinbolo eta ikur konstituzionalen kontrako errespetu falta onartezina'' dela.