Politika -
Saioa Kongresuan
Rajoyk ez du baztertu PPn aldaketak egitea
Hala ere, egitekotan, aldaketok "poliki-poliki" helduko liratekeela esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PP hauteskundeetan amildu bada ere, Espainiako Gobernuak gobernatzeko "zilegitasuna" duela adierazi du Mariano Rajoy presidenteak. Horrenbestez, erreformak egiten jarraituko duela aurreratu du, Diputatuen Kongresuan egindako agerraldian.
Nolanahi ere, Behe Ganberako pasilloetan egindako adierazpenetan, agintariak ez du baztertu alderdian aldaketak egitea. Hala ere, egitekotan, "poliki-poliki" helduko liratekeela ohartarazi du, erabaki "egokienak" hartzeko.
Kongresuan egindako kontrol saioan, Gobernuak agintean jarraitzeko zilegitasuna duela nabarmendu du Rajoyk. Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuaren adierazpen bati erantzunda esan ditu hitzok. Hain zuzen ere, PPren gehiengo osoa "aspaldi agortu" zela esan du diputatu abertzaleak. "Ikuspuntu demokratikoa oinarri hartuta, 60-70 diputatu ez dira zilegiak jada", deitoratu du.
Espainiako Gobernuko presidenteak haserre erantzun dio, eta Konstituzioaren arabera agintaldiak lau urtekoak direla gogorarazi du.
Hori horrela, Cuadrak gehiengo sozialaren nahien aurkakoak diren legeak onartzea leporatu dio Rajoyri, eta Zigor Kodearen erreforma eta "mozal legea" jarri ditu horren adibide.
Aurrez aurrekoa Sanchezekin
Rajoyk eta Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak hauteskundeen osteko lehen aurrez aurrekoa izan dute gaur Kongresuan, eta tirabira izan dute udalek eskainitako zerbitzu sozialen inguruan. Izan ere, buruzagi sozialistak pribatizazioak egitea leporatu dio presidenteari, eta toki administrazioen erreforma bertan behera uzteko eskatu dio.
Alabaina, Espainiako Gobernuko presidenteak errefusatu egin du lege horretan atzera egitea, eta Exekutiboak udalen arloan egindako lana goratu du.
Sanchezek saioa hasi baino lehen ere hitz egin du, Kongresuko pasilloetan, eta PSOEk udaletan "aldaketa" sustatuko duela aurreratu du. Halaber, hori gainerako alderdiekin hitz eginez gauzatuko duela gaineratu du.