Politika -
Auzitegi Gorena
Defentsak herriko tabernengatik zigortutakoen absoluzioa eskatu du
Auzitegi Nazionalak 34 auzipetuetako 20 zigortu zituen, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea leporatuta, eta zigor horien kontrako helegiteak aztertzeko saioa egin dute gaur.
agentziak | erredakzioa
Auzitegi Nazionalak herriko tabernen auziaren baitan zigortu zituen 20 pertsonen ebazpena bertan behera uzteko eskatu dio gaur defentsak Auzitegi Gorenari, helegiteak aurkezteko saioan. Joseba Permach eta Rufi Etxeberria Batasuneko buru ohiak eta beste 18 pertsona zigortu zituen Auzitegi Nazionalak, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea egotzita.
Auzitegi Gorenak helegiteak aztertzeko saioa egin du gaur, eta fiskala eta Terrorismoaren Biktimen Elkartea eta Dignidad y Justicia akusazioak kontra agertu dira.
Defentsa abokatuek zigortuen absoluzioa eskatu dute, eta ehundik gora kultur elkarteren abokatuek herriko tabernak bahitzeko agindua bertan behera uzteko eskatu dute.
Auzitegi Nazionalak frogatutzat jo zuen Askapen Nazionalerako Euskal Mugimenduari finantza zerbitzua eskaintzen ziola, eta hori ETAk kontrolatzen zuela. Era berean, KAS/Ekin, Jarrai/Haika, Herri Batasuna eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua bezalako taldeentzat azpiegitura logistikoa zela ere ebatzi zuen.