Politika -
Noos auzia
Infantaren bermea 450.000 eurora murriztea eskatu du Fiskaltzak
Infantaren fidantza murrizteko eskatu zuten Cristinaren abokatuek eta Pedro Horrach ustelkeriaren aurkako fiskalak eskakizunarekin bat egin du. 2,7 milioi euroko bermea ezarri zion epaileak infantari.
Agentziak | Erredakzioa
Infantaren fidantza 449.525 eurora murrizteko eskatu zuten Cristinaren abokatuek eta Pedro Horrach ustelkeriaren aurkako fiskalak eskakizunarekin bat egin du gaur. 2,7 milioi euroko bermea ezarri zion Jose Castro Noos auziaren epaileak infantari.
Palmako argibideetako 3. epaitegian gaur aurkeztutako idatzian, Cristinaren defentsak planteatutako argudioak bere egin ditu Horrachek. Infantari leporatzen dizkioten diru kopuruak ?baino askoz handiagoak? izan diren auzietan zigor txikiagoak eskatu dituztela erantsi du fiskalak, hau da, iruzur egindako kopuruak baino txikiagoak ziren. Palmako dukesari, ostera, bermea areagotu diotela gaineratu du.
Castrok ezarritako bermearen zenbatekoa ?guztiz bidegabea? zela adierazi zuten infantaren abokatuek. 2007an eta 2008an egindako bi ustezko zerga-delitu leporatzen dizkiote infantari.
Ez da bidezkoa
Ustez iruzur egindako zenbatekoa sei aldiz biderkatu zuen Castro epaileak infantari ia 2,7 milioi euroko fidantza ezartzeko, Cristinaren abokatuen arabera. Gainera, heren bat gehitu ziola salatu zuen defentsak. Hori bidezkoa ez dela azaldu zuten, larrigarriak eta aringarriak kontuan hartzen ez dituelako. Orain abokatuen argudioak bere egin ditu Horrach fiskalak.
Zentzu horretan, Balear Uharteetan epaitutako zenbait kasu gogorarazi ditu Horrachek. Aurrekariek ?eskatutako murrizketei babes handia? ematen dietela azpimarratu fiskalak idatzian. Besteak beste, Ana Torroja abeslariaren kasua aipatu du Horrachek. Torrojak hiru zerga-delitu onartu zituen Palmako epaitegi baten aurrean, eta 1,5 milioi euro ordaindu behar izan zituen.
Bestalde, instrukzio fasean 5,9 milioi euroko bermea ondasun higiezinekin ordaindu zuen Iñaki Urdangarinek, baina 13,6 milioiko fidantza bati aurre egin beharko dio.