Politika -

Kontrol saioa Kongresuan

Nafarroako foraltasuna, Gobernuaren eta Amaiurren arteko eztabaidan

Nafarrak eta bertako foraltasuna ''ez errespetatzea'' egotzi diote elkarri. Wertek, bestalde, Katalunia izan du hizpide.

Sabino Cuadra (Amaiur). EITB
Sabino Cuadra (Amaiur). EITB
Foraltasunari buruzko ika-mika, PPren eta Amaiurren artean

05:19

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Espainiako Gobernuko Osasun ministroak eta Sabino Cuadra Amaiurreko diputatuak Nafarroako foraltasuna ''ez errespetatzea'' egotzi diote elkarri asteazken honetan Diputatuen Kongresuan egin duten kontrol saioan. Hain zuzen ere, Nafarroak kalamu klubak arautzeko onartutako legearen aurka Espainiako Gobernuak jarritako helegiteak piztu du eztabaida.

"Errespeta ezazu Nafarroa! Zer egin nahi duzue Nafarroarekin? Zein da zuen proiektua Nafarroan? Zuek zarete Nafarroako foraltasuna eta autonomia arriskuan jartzen dituzuenak, Nafarroako herritarren identitatea husten duen proiektu politiko batekin'', esan dio Amaiurri Alonsok.

Sabino Cuadrak egindako galderari erantzun dio horrela ministroak, Amaiurreko diputatuak kalamu kluben legearen kontrako helegitearen inguruan itaundu ostean. Hain zuzen ere, helegite hori nafarrekin, bertako erakundeekin eta demokraziarekin ''errespetuzkoa'' den galdetu du Cuadrak.

Gaztelaniazko ikasketak Katalunian Bestalde, Jose Ignacio Wert Hezkuntza eta Kultura ministroak CiUri ohartarazi dio ''diskriminazioa'' eragiten duela ikasketetan komunikazio hizkuntza gisa gaztelania aukeratzen duten ikasleei banakako arreta eskaintzea. ''Ohiko hizkuntza oinarri hartuta ikasgeletan taldetan banatzeak eragiten duen diskriminazio egoera ia berdina sortzen du'' beste horrek ere, Werten hitzetan.

CiUk Kongresuan duen bozeramaileak ''azalpen errealak'' eskatu dizkio Werti, Gobernuak Kataluniako matrikulazio prozesua berriz irekitzeko jarritako helegitearen inguruan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Amaiur berriak